"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskal Herrian Jose Luis Zumetaz galdetzean, kolore bizi eta abstrakzioaz hitz egingo dizute. Izenik gabe, 200x133 dokumentalak, Zumeta artista ber-bertatik ezagutzeko aukera ematen du. Lehenengo aldiz kameraren aurrean, bere barneko sortze prozesua azaltzen du. Artistaren alaba Monika Zumeta eta Enara Goikoetxea dokumentalgilea dira zuzendariak eta grabaketa talde txiki batekin egin dute. “Bi koadro margotu behar zituen. Lehenengoa berehala atera zitzaion, bigarrena berriz beste komeri bat izan zen. Eta eskerrak! bestela ez genuen dokumentalik izango. Artistak, prozesua askotan horrela dela kontatu zigun, emaitza gainera maiz hobea dela. Muntaketan ere bi koadro horien sortze prozesuen desberdintasuna islatzen ahalegindu gara, Pascal Gaignek musikarekin egin duen bezala”.
Zumetaren lan orduak uneoro errespetatu ditugu: “Hasierako planteamendua estudioan kamerak jartzea izan zen, bera bakarrik utziz, baina horrela zaila da istorioan murgiltzea. Azkenean, gu bere atzetik ibili gara, gidoirik gabe gainera, berak eramaten zigun tokira joanaz”.
Dokumentalean zehar gai batzuk planteatzen zaizkie Zumetaren gertuko lagunei. Hauen bitartez ezagutuko ditugu Zumetaren berezitasunak, ibilbidearen klabeak eta garapena. “Guztiz normala zen etxean aita pintatzen ikustea, baina ez zitzaidan sekula otu nola margotzen zuen aztertzea. Dokumental honek aitarengan ezezagunak ziren zenbait alderdi ezagutzeko aukera eman dit”, dio artistaren alabak. Enara ere haurtzarora itzuli zen filmketan: “Bapatean, umea nintzen, eskuak pinturatan sartu eta marrazteko irrikatan. Ez nintzen ni bakarra izan, grabazio taldean bat baino gehiagok sentitu zuen desio berdina”.
Dokumentala grabatu bitartean, Zumetaren margolanak Donostiako suhiltzaileetan egon ziren ikusgai. Bertan, Zumetak bere bi bilobekin horma-irudi bat landu zuen. “Guk nahi genuen obra kalera atera eta jendearen erreakzioa ikustea. Erakusketan jarri genituen bi pantailetan, Zumetaren sortze-prozesua ikus zitekeen eta aurrean egon zen jendea denbora luzez, mugitu ere egin gabe. Eta izugarria izan zen eskerrak ematera hurbildu zitzaigun jendetza”, diote Monikak eta Enarak.
Hasieran artistak bera hainbeste denbora margotzen ikustea ez ote zen aspergarria izango pentsatzen zuen. Gero osoa ikustean asko gustatu zitzaion. “Lasaitu ederra hartu det!” izan ziren Zumetaren lehen hitzak, “baita guk ere!”, egileen erantzuna.
N.A.