"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Haritzaren gerizpera jarririk pasadizo txiki bat kontatzera natorkizue. Egunkari honetan idatzi gabeko lege bat dugu, urtero-urtero lankide hasiberriari egokitu ohi zaio Zinemaldiak haurrei zuzendutako belodromoko lehen emanaldiaren berri ematea. Aurten, ordea, ez dakit zergatik, lege hori irauli eta kazetari beteranoenari tokatu zaio hasiberriarena egitea. Aro berri baten abiapuntua ote? Auskalo. Edonola ere, har dezagun relaxing cup of kafesne bat zopekin eta gatozen harira.
Goizeko bederatzi eta erdiak dira, eta Anoeta belodromoko ingurumariak paraje mortua dirudi. Aitzitik, halako batean, autobus ilara amaigabea antzematen hasia da. Lehen autobusa iritsi, bere haur ‘karga’ paratu, eta hurrengoa heltzen da. Horrela, berrogei autobus inguru umez hustu arte. Gipuzkoako bazter orotik etorriak, Zarautz, Hondarribia, Azkoitia, Donostia, Irun, Andoain, Oiartzun eta Hernani, guztira 2.200 haur izan dira atzoko emanaldira bertaratutakoak.
Harrigarria da Estitxu Marzo Izaga arduradunak eta honen hogei lankideek halako ume-oldea gobernatzeko eta belodromora sarrarazteko darabilten logistika “Aurtengoarekin 21 urte daramazkit ekitaldi honen antolakuntzan, eta beti gertatzen da ezustekoren bat, hala ere, -dio Estitxuk- lehendabiziko eguna izateko dena ongi ateratzen ari da, printzipioz arazorik gabe”.
Areto barruan, lehen hezkuntzako, alegia 6 eta 12 urte bitarteko umeak beren eserlekuetan kokatuz doaz, belodromoko harmailak inurriak bailiran estaltzen dituztelarik, aretozain eta irakasleen laguntzarekin, hori bai. Batzuk bihurri baina gehienak txintxo antzean, aretoaren eta pantailaren neurriekin txundituta daude: “Buah txabal, a ze flipea!”. Halere, nola ez, bada “bah, nik uste nuen pantaila handiagoa izango zela” irizten dionik ere.
Aurkezle lanetan diharduen Aitziber Garmendiak bertaratutako ikastola eta ikastetxe desberdinen zerrenda animoso oihukatzen ari den bitartean, umetako batek kolpea hartu du ukondoan barandaren kontra jotzeagatik. Lasai, hortxe dira prestu Gurutze Gorriko lagunak. “Ez da ezer - io gazteak- odol pixka bat besterik ez”. Dena kontrolpean, beraz.
Aurtengo pelikula, Ricardo Ramón eta Angel Izquierdo zuzendarien El corazón del roble (Herensugeak - Haritzaren bihotza) animazioko filma da. Gertakari arraroen ondorioz, Herensugearen Mendixkako klima aldatzen ari da. Tenperaturek behera egin dute bat-batean, eta Lurra hotzean eta iluntasunean murgildu da. Basoa hiltzen ari da, eta Robin basozainak gaiztakeriaren aurka borrokatzen lagun diezaioten erregutu die jainkoei.
Filmaren lehen fotogramen proiekzioarekin batera, buila eta zalaparta isiltasun bilakatzen dira. Haurrek begiak zabal-zabal irekitzen dituzte, laser erakusle batekin pantaila zirikatzen ari den gazte harroxkoa izan ezik. Irakaslearen errieta jaso eta kitto.
Finean, hemen ez da glamourrik, ezta beharrik ere. Haurren zinemazaletasuna piztea helburu duten emanaldi goiztiar hauetan umeen zirrara eta pelikulak dira izar nagusiak.
S.B.