"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
David Puttnam hainbat sari irabazi dituzten film independenteen ekoizle izan zen 30 urtez, besteak beste, The Mission (1986), The Killing Fields (1984), Local Hero (1983), Chariots of Fire (1981), Midnight Express (1978), Bugsy Malone (1976) eta Memphis Belle (1990). Bere filmek hamar Oscar sari, 25 Bafta eta Canneseko Urrezko Palmorria irabazi dituzte. BAFTA (Erresuma Batuko Film eta Telebista Akademia) erakundeko lehendakariorde eta patronatuko buru izan zen 1994tik 2004ra, eta 2006an akademia horren goreneko aintzatespena jaso zuen: BAFTA Fellowship Award.
1998an filmak ekoizteari utzi zion politika publikoetako lanari heltzeko, hezkuntzaren, ingurumenaren, eta sormenaren eta komunikazioaren arloetan.
Urte horretan bertan, Hezkuntzako Sari Nazionalak sortu zituen eta haien lehendakari izan zen 2008ra arte. Horretaz gain, Hezkuntzako Kontseilu Orokorreko buru izan zen 2000 eta 2002 artean.
2002ko uztailetik 2009ko uztailera UNICEF UK erakundeko presidente izan zen, eta lan handia egin zuen erakundearen laguntza- eta kontzientziazio-helburu nagusiak sustatzen.
Hamar urtez Sunderlandeko Unibertsitateko errektore izan ondoren, gaur egun, kargu bera du Open University delakoan. Zinema Banatzaileen Elkarteko presidente, North Music Trust fundazioko buru (The Sage Gateshead), Profero agentziako lehendakariorde eta Eden Project delakoaren patronatuko kide ere bada.
Duela gutxi Atticus Education online-ekintza jarri du abian BT Irelandekin batera; horren bitartez, mintegiak eta eskola magistralak antolatuko dituzte bideokonferentzien arloko teknologia berrienak erabilita. 2006tik 2012ko urtarrilera arte Channel 4 telebista-kateko lehendakariorde izan zen.
Zientziaren, Teknologiaren eta Arteen Fundazio Nazionaleko (NESTA) buru eta sortzaile izan zen, eta hamar urtez, Argazkilaritza, Zinema eta Telebista Museo Nazionaleko lehendakari. Horretaz gain, Tate Galleryko, Zientzia Museoko eta beste hainbat erakunderen patronatuetako kide izan da. 2007an Klima Aldaketari Buruzko Lege-proiektua landu zuen Talde Parlamentario Mistoko buru izan zen, eta funtzio bera bete zuen 2002ko Komunikazioari Buruzko Legean. Bestalde, Hansard Sozietatearen Batzordeak parlamentuaren eta herritarren arteko harremanei buruz eginiko bi txostenetan ere buru izan da, eta zuzendari ez-exekutibo funtzioa betetzen du bi enpresatan.
Britainiar Inperioaren Ordenako komandante titulua jaso zuen 1982an, zaldunarena 1995ean, eta 1997an Lorden Ganberako kide egin zuten. Frantzian Arteen eta Letren Ordenako zaldun egin zuten 1985ean, 1992an ofizial bilakatu zen, eta 2006an komandante. Guztira 40 honoris causa doktorego baino gehiago ditu Erresuma Batuko eta handik kanpoko unibertsitateetan.