"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Andoni Egaña Zarautzen jaio zen, 1961ean. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta 1982an bertsolaritzaren munduan sartu zen bete-betean. Kulturarekin eta euskararekin loturiko hainbat alderdi landu baditu ere, bertsolaritzan eginiko lorpenengatik da bereziki ezagun. Izan ere, lau aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean.
Literaturaren arloan hainbat lan egin ditu, besteak beste: Sokratikoek ere badute ama narrazio bilduma (Erein 1989); Aitaren batean artikulu bilduma (Elkar, 1990); Zozoak beleari gutunizketa, Jon Sarasuarekin batera (Alberdania, 1997); Pausoa noiz luzatu eleberria (Alberdania, 1998), 1999an Euskadi Zabalkunde Saria irabazi zuena; Hogeitabina bertsolaritzari buruzko saiakera (Hariadna, 2004); Joxerra Garziarekin eta Jon Sarasuarekin batera idatzitako El arte del bertsolarismo (Kulturgintza, 2002), eta Zaudete geldi pixka batean (Elkar, 1999) haurrentzako literatur lana.
Bestalde, gidoilari gisa aritu da Euskal Telebistako hainbat programa eta telesailetan (Funtzioa, Goenkale, Oinak izarretan) eta Asier Altuna zuzendariaren laguntzaile izan zen Bertsolari dokumentalean. Filma 2011ko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean izan zen, lehiaketaz kanpo, eta kritika bikainak jaso zituen.