"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1998an Julie Taymor musikal baten zuzendari onenaren Tony saria irabazi zuen lehenengo emakumea bilakatu zen, eta, gainera, jantzitegi onenaren Tony saria ere irabazi zuen The Lion King ekoizpenagatik. Musikalak bi gertaera nabarmen markatu ditu duela gutxi: garai guztietan irabazi garbi gehien izan dituen Broadwayeko ikuskizuna izatea, eta Broadwayeko historian karteleran denbora luzeen egon den bosgarrena izatea.
Broadwayen egin duen azken ekoizpenean, Spider-Man: Turn Off the Dark, zuzendari eta libretoaren egilekide izan zen Taymor. Broadwayen egin zuen lehenengo lana 1996koa da, Juan Darién: A Carnival Mass, eta Tony sarietarako bost izendapen lortu zituen. Hona hemen antzerkian izan dituen beste arrakasta batzuk: The Green Bird, Titus Andronicus, The Tempest, The Taming of the Shrew, The Transposed Heads eta Liberty's Taken.
Film luzeak ere egin ditu, besteak beste: Titus (1999), protagonista gisa Anthony Hopkins, Jessica Lange eta Alan Cumming izan zituena; Salma Hayek eta Alfred Molinaprotagonista zituen Frida (2002) film biografikoa, Oscar sarietarako zituen sei izendapenetatik bi irabazi zituena; Across the Universe (2007), Beatles taldean inspiraturikoa, eta film onenaren (musikala ala komedia) Urrezko Globoetarako izendatua, eta The Tempest (2010) lanaren bere egokitzapena, Helen Mirren aktorea protagonista zuena. Azken lan hori New Yorkeko zinema-jaialdian estreinatu zuten (AEBetako estreinaldia), munduko estreinaldia Veneziako nazioarteko zinema-jaialdian egin ostean.
Zineman eta antzerkian aritzeaz gain, Taymorrek bost opera zuzendu ditu nazioartean; horien artean dago, Jessye Normanekin eginiko Oedipus Rex, opera ekoizpen onenaren nazioarteko musika klasikoko saria irabazi zuena, baita Emmy bat ere, ondoren zinemarako egin zuen bertsioagatik. Horretaz gain, honakoak ere zuzendu ditu: Salomé, The Flying Dutchman, Die Zauberflöte (New Yorkeko Met operaren errepertorioan izan zena), The Magic Flute (bertsio ingeles laburtua, Great Performances at The Met izeneko PBSrako saila inauguratu zuena), eta Grendel, Elliot Goldenthalena.
1991ean MacArthur “Genius” beka bat irabazi zuen Taymorrek.