Very Funny Things. Amerikar komedia berria du izena Donostia Zinemaldiak humorezko zinema estatubatuarraren joera berriei aurten eskainiko dien atzera begirako tematikoak. Komedia, Hollywooden tradizio luze-luzea duen generoa, suspertu egin da azken bi hamarkadetan, lotsagabekeriarako, desegokitasun politikorako eta satira sozialerako tokia duen ikuspegi garaikideari esker. Zuzendari, gidoilari, aktore eta komikoen belaunaldi berri bat bilakatu da genero horren egungo erreferente. Peter Farrelly, Judd Apatow, Todd Phillips, Jared Hess, Ben Stiller, Will Ferrell, Seth Rogen, Jason Segel, Tina Fey, Kristen Wiig, Mike Judge, Trey Parker eta Matt Stone dira horietako batzuk, eta beren estiloa indarra hartzen ari da mundu osoan. Guztiek ere, humorezko zinearen aukerak zabaldu dituzte, publikoaren miresmena eta kritikaren errespetua proportzio berean irabazi dituen “egile komediaren” bidez.
Komedia berri horren bilakaera laburtzen duten hogeita hamar titulu aurkeztuko dira zikloan, 80ko hamarkadako zenbait film aitzindari abiapuntu hartuta. Benetako kultu filmak dira, gross-out comedy delakoaren oinarriak ezarri zituztenak humore lotsagabe eta ikonoklastaz baliatuta, eta haiei esker, John Belushi eta Bill Murray aktoreak, besteak beste, mito bilakatu dira. Animal House (1978), Meatballs (1979), Caddyshack (1980) eta Porky’s (1982)dira horietako batzuk. Hurrengo hamarkadetan ekoitzitako filmek gizartean moldatzen ez den pertsonaia enblematikoa aldarrikatzen jarraitu zuten, eta, karikaturara jota, AEBetako gizarte garaikideari buruzko ikuspegi bitxia eman zuten. Hona hemen izenburu batzuk: Dude, Where’s My Car (2000), Zoolander (2001), Napoleon Dynamite (2004), The 40 Year Old Virgin (2005), The Hangover (2009). Modu batera ala bestera komediara hurbildu diren egungo zinemagile estatubatuar garrantzitsuenetako batzuen lan nabarmenak ere emango dira; esaterako, Richard Linklater (Dazed and Confused, 1993), Paul Thomas Anderson (Punch-Drunk Love, 2002), Wes Anderson (Rushmore, 1998), David Gordon Green (Pineapple Express, 2008) eta Gregg Araki (Smiley Face, 2007).
Zikloak Euskadiko Filmategiaren, Ricardo Muñoz Suay Ikus-entzunezko eta Zinematografiako Valentziako Institutuaren eta Kataluniako Filmategiaren laguntza izango du, eta argitalpen bat egingo da, Violeta Kovacsicsek koordinatuta.
Atzera begirako tematikoa
Kontzeptu generiko bat ardatz izanik, eta izenburu alegoriko batean laburbilduta, zine-areto komertzialetan (baita espezializatuetan ere) inoiz gutxitan ematen diren pelikulak elkartzen eta eskaintzen ditu Zinemaldiak ikusleak zineaz luze goza dezan. Filosofia honen harian ezagutzera eman ziren "Argazkiko mutilak", "Ahantzitakoak"; "Behin bakarrik bizi daiteke", "100 urte zoragarri", "Abentura europarra", "Ezustekoen bazarra", "Amesgaizto gorria", "Aspaldiko partez", edo "Gosea, umorea eta fantasia" eta "Booma italiar erara" izenburuekin gerraosteko komedia italiarrari bi zatitan eskainitako sailak, "Telebistaren belaunaldia", "Atzo Gertatua", "50eko 50ak", "Bizilagun era adiskide artean", "Incorrect@s", "Errebalde era intsumisoak", "Migranteak", "Sukar izoztua", "Japonia Beltzean", "Kontrauhina: Fantziako zinema berriena", ".doc-Ez fikzioaren bide berriak", "American Way of Death: 1990-2010eko Amerikako Zinema Beltza", edo "Itzal Digitalak: Azkenb belaunaldiko zinema txinatarra" atzera begirakoa.
Berriak