Georges Franju zinemagile frantziarra izango da 60. Donostia Zinemaldiak 2012ko irailaren 21etik 29ra bitartean antolatuko duen atzera begirako ziklo baten protagonista.
Georges Franju zinemagileak (1912-04-12/1987-11-05) sekulako garrantzia izan zuen Frantziako kultura zinematografikoan. Henri Langlois zaharberritzaileak eta biek Frantziako Zinemateka sortu zuten 1936an. Zuzendari lanetan 1949an hasi zen; dokumentalgintzan, zehazki. Genero horretan, historiara igaro diren zenbait lan egin zituen; konparaziobatera, Le Sang des bêtes, Hôtel des Invalides edota En passant par la Lorraine.Lanhoriekin argi utzi zuen Franjuk zer-nolako talentu berezia zuen ezusteko angeluetatik errealitatea filmatzeko. Ezaugarri horri esker, testigantza-film hauetan surrealismotik eta espresionismotik gertu dagoen sentsibilitatea nabari daiteke.
Franjuk kameraren bidez objektuen poesia kontaezina bilatzeko obsesioa zuen. Eta nahi horri eutsi zion fikziozko film luzeak egiten hasi zenean; hau da, La Tête contre les murs (1958) egin zuenean, edota ondoren egindako Les Yeux sans visage (1959) lanean. Bigarren film hori fantasiazko zinemagintzako maisulan gisa jotzen dute. Herri-kulturak, foiletoiek eta zinema mutuko serialek liluratu egiten zuten zinemagile frantziarra, eta halaxe nabari da bere Pleins feux sur l’assassin (1960), Judex (1963) edota Nuits rouges (1974) filmetan. Guztiak ere garai bateko intrigazko eta misteriozko kontakizunen bakuntasuna berreskuratu nahi duten estilo-ariketa erabatekoak dira, eta zinema, plazer narratibo ez ezik, begietarako plazer gisa ere aldarrikatzen dute. Baina literaturako obra klasikoak egokitzeko gaitasunagatik ere nabarmendu zen Franju, eta obra horiei bere ukitu pertsonala ipintzeko sekulako gaitasuna zuen. Hala, aipatzekoak dira François Mauriac (Thérèse Desqueyroux, 1962), Émile Zola (La Faute de l’Abbé Mouret, 1970), Joseph Conrad (La Ligne d’ombre, 1973) edota Jean Cocteau (Thomas l’imposteur, 1964). Gaur egun modu bidegabean ahaztuta daukagun arren, Franjuren lanak ospe handia izan zuen kritikaren artean, eta nouvelle vague mugimenduko zinemagile gazteen mirespena ere lortu zuen.
Donostia Zinemaldiak programatutako zikloari esker, Franjuren filmografia berreskuratuko dugu, zuzendaria jaio zela ehun urte betetzen diren honetan.
Ziklo hau Espainiako Zinematekarekin batera dago ekoitzita, eta Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinatutako liburu bat ere izango du lagun. Atzera begirakoak Ricardo Muñoz Suay Ikus-entzunezko eta Zinematografiaren Valentziako Institutuaren, Kantabriako Filmategiaren eta Irudi Arteen Galiziako Zentroaren (CGAI) laguntza du.
LE SANG DES BÊTES (1949)
Franjuk zuzendutako lehendabiziko lana; gaur egun, dokumentalgintzaren historiako ezinbesteko filma da. Parisko hiltegian egindako ibilaldia esperientzia basati eta ikaragarri bilakatuko da, «ezohiko gauzek eta errealismo poetikoak sortzen duten erakarpenari» esker (Franjuren beraren hitzetan).
EN PASSANT PAR LA LORRAINE (1950)
Gobernuaren aginduz filmatutako dokumental honen helburua Frantziako industriaren modernizazioa erakustea zen. Baina Franjuk suari buruzko poema bilakatu zuen; industria-arkitekturari liluraz egindako begiratua.
HÔTEL DES INVALIDES (1952)
Franjuren esanetan, hauxe zen bere dokumentalik gogokoena. Gerrako beteranoen ospitale batek nola funtzionatzen zuen erakusteko agindu zion Frantziako Gobernuak, baina Franjuk militarismoaren aurkako kritika zorrotza egin eta gerrako izugarrikeriak salatu zituen.
LE GRAND MÉLIÈS (1952)
Dokumental honen bidez, Georges Méliès zinemagilea omendu zuen Franjuk; beti miretsi izan zuen fantasiazko zinemaren sortzailea, alegia. Artista paregabe horren bizitzan eta lanetan egindako ibilbidea, Mélièsen alargunaren bidez.
LES POUSSIÈRES (1953)
Industriako hondakinek gizakiengan dituzten ondorioei buruzko dokumental zientifikoa, Franjuk kutsu poetikoz filmatua.
NAVIGATION MARCHANDE ATLANTIQUE (1954)
Nabigazio-linea batek finantzatutako dokumentala, gurutze-ontzi modernoen ekipamendua erakustea xede duena. Enkargu honetan, Franjuk ohi baino askatasun txikiagoa izan zuen; nolanahi ere, ezagun du zinemagilearen ukitua xehetasunik berezienak deskribatzeko moduan.
À PROPOS D’UNE RIVIÈRE (1955)
Iragandako garaien oroitzapen lirikoa eta geratu ezin dugun denboraren joanaren gaineko hausnarketa, arrantzale zahar baten gomutak abiapuntu hartuta.
MON CHIEN (1955)
Dokumental honen bidez, Franjuk beste egoera zirraragarri bat erakutsi zuen, eguneroko begiratuetatik ezkutatuta geratzen den gizarteko beste txoko bat; kalean utzitako txakur baten istorioa, alegia. Azkenean, txakurtegi batean sartu eta zoritxarreko patua izango du zain animaliak.
MONSIEUR ET MADAME CURIE (1956)
Erradioaktibitatea ikertzen aitzindari izan ziren zientzialariei egindako omenaldia. Franjuk aktoreekin egin zuen berregite dokumental hau. Curie senar-emazteek zer lan metodo erabiltzen zituzten erakusten du, bai eta beren ikerketa garrantzitsuak zer-nolako egoera kaskarretan egin zituzten ere.
LE THÉÂTRE NATIONAL POPULAIRE (1956)
Théâtre National Populaire areto garrantzitsuari buruzko dokumentala; garai hartan Jean Vilar antzerkigileak zuzentzen zuenari buruzkoa, hain justu. Franjuk antzezpenen filmazioak eta dokumentalen irudiak konbinatzen ditu. Era berean, antzerkiaren eta benetako munduaren arteko konexioak eta gatazkak erakutsiko dizkigu.
SUR LE PONT D’AVIGNON (1956)
Avignon hiriari buruzko dokumental hau hamar egunean inprobisatu zuen; Le Théâtre National Populaire dokumentala filmatzeko zain zegoen tartean, hain zuzen.
NOTRE-DAME, CATHÉDRALE DE PARIS (1957)
Arte Ederretako Ministerioak Parisko katedral ospetsuari buruzko film bat egiteko agindu zion Franjuri. Zinemagilearen ibilbidea ondotxo ezagutzen zutenez, honako baldintza ezarri zioten: «Katedrala bakarrik filmatu. Ez apaizik, ez mezarik. Arkitektura baino ez». Zinemaskopen filmatu zuen, eta eraikinaren edertasunaren goraipamen ederra egiten du.
LA PREMIÈRE NUIT (1958)
Franjuk fikziozko zineman egindako lehendabiziko saioa. Film labur hau Orfeo eta Euridizeren mitoaren eguneraketa da; lurpeko infernu moderno batean, Parisko metroan, galdutako ume baten istorioa kontatzen du.
LES RIDEAUX BLANCS (1965)
Marguerite Duras idazlearen gidoiarekin eta Georges Delerue musikariaren doinuekin, film labur honek amnesia duen emakume zehar baten eta ume analfabeto baten arteko harremana kontatzen du. Denbora, oroitzapenak eta tankera horretako gaiak jorratzeko baliatu zuen Franjuk.
RENCONTRE AVEC FANTÔMAS (1966)
Marcel Allain foiletoi idazlearen deskribapena. Allainek Franjuren heroi gogokoenetako bat sortu zuen: Fantômas.
LA TÊTE CONTRE LES MURS (1958)
Dokumentalgile lanetan aritu ostean, Franjuk erakundeen inguruko ikuspegi kritiko zorrotza azaldu zuen bere fikziozko lehen film luzean. Hervé Bazin idazlearen eleberria du oinarri, eta eromenari eta bere tratamenduari buruzko hausnarketa arduragarria proposatzen du, ospitale psikiatriko batean borondatearen kontra sartu duten gazte baten esperientzia kontatuta.
LES YEUX SANS VISAGE (1959)
Boileau eta Narcejac eleberri kriminalen idazleek Jean Redon idazlearen kontakizun anker bat egokitu zuten Franjurentzat. Zirujau argi baten esperimentuak azaltzen ditu. Emakumeak garbitzen ditu larruazala kentzeko eta alabari aurpegi bat emateko, istripu baten ondoren desitxuratuta geratu baita. Hauxe izango da ziurrenik Franjuren obrarik ezagunena, bai eta bere maisulan ukaezinetako bat ere. Izuak eta poesiak bat egiten dute fantasiazko zinemaren historiako kultu-film honetan.
PLEINS FEUX SUR L’ASSASSIN (1960)
Franjuk eta Boileau eta Narcejac eleberrigileek izandako bigarren lankidetzaren emaitza, polizia-eleberri klasikoari egindako omenaldi bikaina. Genero horretako ezinbesteko osagai guztiak biltzen ditu: luxuzko landa-etxea, ezkutuko aberastasuna, diru-goseak amorratutako oinordekoak, inon ageri ez den hildakoa eta zenbait hilketa. Guztia ere argiz eta soinuz bildutako ikuskizun batean; ezertxo ere ez da izango zirudien modukoa.
THÉRÈSE DESQUEYROUX (1962)
François Mauriac idazlearen izen bereko eleberria pantaila handirako egokitua. Idazlearen seme Claudek egokitu zuen istorioa. Hiri txiki batean girotuta dago, eta Thérèse du protagonista, maite ez duen gizon batekin ezkondutako neska gaztea. Bizi duen giro aspergarri eta zapaltzailearekin itota, zorigaiztoko erabaki bat hartuko du etsipenaren etsipenez. Film honetan egindako lanari esker, Emmanuelle Riva protagonistak emakumezko aktore onenaren Volpi kopa irabazi zuen Veneziako zinema-jaialdian.
JUDEX (1963)
Franjuk Louis Feuillade zinema mutuko maisuari egindako omenaldia. Film hau aipatutako zuzendaria ospetsu egin zuen serial ospetsuaren remakea da. Jacques Champreux Feuilladeren ilobak idatzi zuen foiletoien xalotasuna eta edertasuna berreskuratzen dituen film honen gidoia. Pertsonaia zitalak, hilketak eta bahiketak, emakume ederrak, mozorroak eta tranpak, eta askotariko egoera zoragarriak ikusiko ditugu film honetan.
THOMAS L’IMPOSTEUR (1964)
Jean Cocteau idazlearen eleberriaren egokitzapen honetan, Franjuk Emmanuelle Riva aukeratu zuen berriro ere protagonista izateko. Filma I. Mundu Gerran girotuta dago, eta frontetik zaurituak ateratzeko konboi bat antolatzen duen aristokrataren eta jeneral ospetsu baten semea dela dioen hamasei urteko gazte baten arteko harremana kontatzen du. Aktoreen arteen daude, konparazio batera, Cocteauren aktore fetix Jean Marais, edota Charles Aznavour.
LA FAUTE DE L’ABBÉ MOURET (1970)
Franjuk Frantziako literaturako beste klasiko bat egokitu zuen; kasu honetan, Émile Zola idazlearena. Eleberri antiklerikala da, eta zinemagileak jatorrizko lanaren amorrua eta indarkeria batere kendu gabe eszenaratu zuen. Kontakizun itogarri eta klaustrofobiko honetan, hiri txiki bateko apaiz bat da protagonista. Apaizak erori eta memoria galduko du; hala, neska gazte eder batek zainduko du... Eta maitemindu egingo da apaiza, nor den eta zer betebehar erlijioso dituen ahaztuta.
LA LIGNE D’OMBRE (1973)
Telebistarako filmatutako istorio honetan, Franjuk Joseph Conrad idazlearen izen bereko eleberria egokitu zuen; itsasoari buruzko literaturaren maisu lanetako bat, hain zuzen. «Akziorik gabeko film» gisa definitu zuen Franjuk berak. Iniziaziozko kontakizun honek (neurri batean Conraden bizipenak ditu oinarri) kapitain gazte baten esperientzia azaltzen du. Itsasoan egiten duen lehen bidaian, itsasontzia malariak astinduko du, eta, zurrumurruen arabera, aurreko kapitainaren espirituak sorginduta dago.
NUITS ROUGES (1974)
Franju eta Jacques Champreux gidoilaria garai bateko serialen tankerako L’Homme sans visage telesail laburra sortzen ari zirela, film hau ere filmatu zuten zinema-aretoetarako. Franjuk honela deskribatu zuen zinema mutuko Louis Feuillade maisuaren unibertsora egin zuten gerturatzea: «Film honetan herri-jaietan bezala sartuko gara; etsipenik ez sentitzeko, hobe da bakuntasunera itzultzea».
Atzera begirako klasikoa
Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak, James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl, Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges, Anthony Mann, Robert Wise, Ernst Lubitsch, Henry King, Mario Monicelli, Richard Brooks, Don Siegel edo Jacques Demy buruzkoak azpimarra daitezke.
Berriak