"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bizitza itzal artean
Filmak Carlos Durán protagonistak bizitza osoan zehar zinemarekin duen harremana erakutsiko digu; jaio zenetik, Lumière anaien filmak proiektatzen zituzten festetako barraka batean, erreportari eta, azkenik, zuzendari bilakatu zen arte. Gerra zibilak eragina izango du bere familia-bizitzan, baina, ezbeharrak gorabehera, zinemak bizitzeko bere arrazoi nagusi izaten jarraituko du.
Filmak hainbat zailtasun komertzial eta administratibo jasan zituen, eta horregatik atzeratu zen estreinaldia 1953ra arte, eta galdu ziren negatiboak eta 35 mm-ko kopiak. Argazki-kalitate hobeko 16 mm-ko kopia bat azaldu zen 2007an, eta ondorioz, zaharberritze lanei ekin zioten, teknologia digitalaren laguntzarekin, 1983an Espainiako Zinematekak eginiko zaharberritze analogikoa nabarmen hobetzeko esperantzarekin.
Zaharberritze hau gorde ziren 16 mm-ko kopia bakarrak erabilita egin da, eta Espainiako Zinematekari, Kataluniako Zinematekari eta Bartzelonako Deluxe laborategiari esker gauzatu ahal izan da, Antònia eta Beatriu Llobeten, eta Núria Tresserraren konplizitate eta laguntzarekin.
LLORENÇ LLOBET-GRÀCIA
(1911-1976)
Biografia
Llorenç Llobet-Gràcia 1947 amaieran hasi zen bere karrerako film profesional bakarra izan zena errodatzen. Esperientzia zabala zuen amateur zineman, eta kategoria horretako zinemagile handienetakoa zen, baina ez zuen inoiz zinema komertzialeko zuzendari gisa lan egin nahi izan. Zinemarekiko zuen konpromisoak berarentzat garrantzia zuen eta gainera berarekin lotuta zegoen historia bat zehatz-mehatz islatzeko bestelako bitartekoak erabiltzera eraman zuen. Eta konpromisoz beteriko jarrera militante hori da, hain zuzen, Vida en sombras bere inguruko, garaiko eta kultura-testuinguruko filmengandik hain desberdin egiten duena.