"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zuzendari batzuei errealitatearekin jolastea gustatzen zaie. Beste batzuei, fantasia interesatzen zaie. Hainbatek bien arteko nahasketa erabiltzen dute, eta beharbada hori da zinema, errealitatea fikzioa balitz bezala erakustea, edo alderantziz: irudimen hutsak sortutako munduak gaur egunean txertatzea.
Badira beste batzuk surrealistak direnak. Surrealista hutsak. Muineraino surrealistak.
Marçal Foresi onanismoarekin jolastea gustatzen zaio. Errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak hautsi eta desberdintasunak ezabatzea. Eta ametsetan dagoen errealitatea benetako errealitate bakarra zela aldarrikatzen zuten surrealisten oinarritik bada zerbait errealitatea ulertu eta interpretatzeko zailtasunak dituen gazte baten istorio korapilatsu eta dramatikoa kontatzen duen Foresen lehen film luze honetan.
Psikodelikoa ere bada Animals hau, Pol gaztearen barne esperientziaren kontakizuna delako filmaren hari nagusia. Lisergikoa deitzea ere ez liteke gehiegizkoa: berez zentzuzkoak ez diren gauzak egiten amaitzen du protagonistak, errealitatetik deika ari bazaizkio ere. Ez baitu entzuten, ez baitu entzun nahi.
Bere munduan bizi eta horretan jarraitu nahi duen gaztea da Pol, Deerhof pelutxezko hartzatxoarekin bateria jotzen eta hitz egiten duena, ikastetxe ingeles batean lan egiten duena, eta urarekin obsesio txiki bat daukana. Ura gauza guztien sorrera eta amaiera balitz bezala, jaiotza eta heriotza. Hori ulertzeko, homosexualitatea deskubritu behar du, eta odolaren mina. Eta maite duen guztia abandonatu behar du. Bat izan ezik: errealitatetik alde egiteko laguntzen dion hartz txikia. Film poliedrikoa, dadaista, bitxia, berezia.
ALBERTO.BARANDIARAN