"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Azkenean, Rhino Season pelikula zuzendariak berak onetsitako soinu eta irudiekin ikusi dugunean deliberatu da Ghobadi prentsaurrekoa ematera. Izan ere, filmak esanahi berezia dauka Ghobadirentzat. 1979ko Iraultza Islamikoaren errepresioaren ondorioz Teheraneko kartzela batean 30 urte preso igaro dituen Sahel izeneko poeta kurdu baten istorioa kontatu baitu; nola atxilotu zuten, nola torturatu, nola eman zuten hiltzat, ateratakoan nola jotzen duen Istanbulera Mina emazte zuenaren bila, eta 30 urte geroago nola ezin dion iraganari aurre egin, zer-nolako ezina sentitzen duen.
Ghobadik ere ezina sentitzen du, arrazoi politikoengatik Irandik erbesteratu behar izan baitzuen orain lau urte. Hitz egiten jarraitu ahala, emozionatzen hasi da. “Ez hiltzeko egin dut film hau, eta nire espiritua indarberritu duela uste dut”. Bizitzarekin “berriro topo egiteko” ahalegina da, “ni neu izateko ahalegina”. Bere arima piztu nahi izan du, eta, horretarako, lirismo bisuala baliatu du, maisuki, Urrezko Maskorra bitan irabazi duen zuzendariak -Turtles Can Fly-rekin irabazi zuen 2004an, eta Half Moon-ekin 2006an-. “Irudi eta soinu egokiarekin, poesia baten modukoa izan nahi du pelikulak”.
Behruz Vosughi aktoreak jokatu du Sahel zaharraren rola, eta Monica Bellucik, berriz, Mina emaztearena. Aktore italiarrak adierazi duenez, emakumezko mediterranearrek euren baitan berez duten «drama» baliatu duela Minarena egiteko. «Gure amek eta amonek matxismoaren ondorioz sufritutakoa jaso dugu oinordetzan». Filmak ez ditu elkarrizketa asko, baina dituenak persieraz egin ditu Belluccik.
S.B.