"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Artea ezagutu duenetik”, bizi den ziega benetako presondegi bilakatu zaiola kexu da Cayo Casio Longuino, zurbila izateagatik eta gutxi jateagatik Julio Cesarrek estimatzen ez omen zuen tribunoa. Casio hori, berez, Salvatore Striano da, droga trafikoagatik hainbat urtetako espetxera zigortutako presoa, baina Paolo eta Vittorio Taviani anaien film honetan zaila da antzematen nor den preso dagoen gizagaixoa, eta nor tribunoa. Nor Brutus, nor Casio, nor Julio Cesar edo Marco Antonio, nor Servilio Casca edo Tulio Cimber Erromako tribunoak. Eta nor Cosimo Rega, Giovanni Arcuri, Antonio Frasca edo Juan Dario Bonetti, gaur egungo preso arruntak. Zaila da antzematen nor den aktorea, eta nor pertsonaia. Non den antzerkia, eta non, berriz, errealitatea.
Rebibbia espetxean (Erroma) antzerki taldea osatu berri dute, aurreko edizioak izandako arrakasta errepikatzeko asmoz. Shakespeareren Julius Caesar antzezlana egitea proposatu du zuzendariak, eta berehala hasi da presoak hautatzeko prozesuan. Denei eskatu diete bi egoeratan nola jokatuko luketen antzezteko: negarrez egoera batean, haserre bestean. Hautatutako presoak hegoaldekoak dira gehienak, Napoliko edo Siziliako edo Catania aldeko gizonezko gogorrak, drogekin nahastuta ibiltzeagatik edo mafiarekin nahastuta egoteagatik edo, are, hiltzeagatik zigortuak. Antzezlanak aukera emango die eguneroko errutinatik ateratzeko eta hainbat unetan salbuetsita egoteko, baina, gainera, Julio Cesarren hilketaren inguruko gidoiak aktore bakoitzaren beldurrak, antsiak eta mamuak berpiztuko ditu.
Brutusen papera egiten duen Cosimo Regak, esterako, saioa utzi egin behar izan du arratsalde batez, hunkituta. Zuzendariak zer duen galdetu dionean, esan behar duen esaldi horrexek, labanaz eraso egin aurreko esaldiak, bizitako egoera bat gogoratzen diola erantzuten du. Beste batean, Julio Cesarrena egiten duen presoa gidoiaz ahaztu eta testuan agertzen den anbizioa eta jukutria ziegakideari leporatzen hasi zaio.
Antzezlanak, azken finean, norbere ispiluari begiratzeko aukera eman die denei. Eta ispilu horretan, Julio Cesarren garaiko traizio,fideltasun eta mendeku giro bera ikusi dute denek. A.B.