"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ume fardeldun bat hotelaren armairuaren barruan, gizonezko betaurrekoduna ahoan hortz bat gutxiago duena, tigre handi bat komunean, oilo bat pasabidean. Eta, giroan, bestondo sekulakoa. Eta buruan, huts intersideralaren sentsazio bortitza, eta kontzientziaren arrastorik eza, eta autoaren maletategian txinatar bat biluzik, eta, okerrena: senargaia galdu dugu! The Hangover filmak ez du askoz gehiago, baina azken urteetako komedia basati eta lotsagabe arrakastatsuenetako bat izan zen, zergatik eta aktore talde ona bildu zuelako, zuzendariak ideiak garbi zituztelako, gidoia irudimentsua zelako. Egia esanda, zer besterik behar du pelikula batek emaitza ona lortzeko? Sorpresa. Horixe izango da, seguru asko, film honek erdietsi zuen arrakasta itzela azaltzeko gakoetako bat. Komedia amerikar alproja –edo, hobe esanda, alprojendako komedia amerikarra– nahiko jota zegoen 90eko hamarkadan pilatutako topiko, gustu txarreko produktu eta ideien agortze orokorra zela eta. Aspaldiko klixeek ez zuten gehiagorako ematen, telebista zurrupatzen hasia zen gidoilaririk onenak, eta The Hangover lanak beste bultzada bat eman zion nerabezaroaren gehiegikeriekiko miraz jarraitzen duten gizonezko hezigabeen inguruko komediari. Bai, egia da: klixe berdinak errepikatuz askotan, betiko txiste eta topikoak indartuz, eta torlojuari beste estutu bat emanez, baina eraginkortasunez. Ez baita gutxi non eta Las Vegasen eta zerekin eta senargaia despeditzeko antolatutako festa batekin, non mozkorkeria eta txiste gorriak eta mota guztietako demasa guztiak ziurtatuta dauden, ezer berririk egitea. Todd Philipsek horixe lortu zuen. Nola? Ustekabea erabiliz.
Hasteko, ez zuen egin beste film askotan egin zena, eta ondoren ere egin izan dena:
kontakizun lineala eta logikoa proposatu. Ez zuen parranda baten kontakizuna egin. Aldiz,
festaren beraren ondorioen inguruan kokatu zituen narrazioaren hari nagusiak, sorpresa
eta suspensea areagotuz: baina zer demonio gertatu zen ba komunean tigre bat azaldu
eta armairu batean kakanarru bat agertzeko? Zer desmadre kosmikoa eragin dezakete lau
lagunek Las Vegasen, azkenean Mike Tyson haien hoteleko logelan agertu eta jipoika hasteko? Zer, poliziek jazarrita amaitzeko? “Doug galdu dugu” deitu dio Phil lagun minak emaztegaiari, Nevadako errepide baten ertzetik, auto hondatuaren ondoan, etsita. “Doug galdu? Baina bost ordu barru ezkonduko gara!!”. “Benetan diotsut, hori ez da gertatuko”.
Ondoren, hainbat filmetan hainbat aldiz errepikatu zen eredu bera, baina The Hangover
filmak generoaren beraren amaiera iragarri zuen. Harez gero, berez erretratu satiriko
gisa ere ikus zitekeena hutsaldu egin zen, ezdeus bilakatu. Komedia hori, gaur egun, beste
asmatzaile baten zain dago. Beste kolpe baten zain.
A.B.