"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiak txoko berezia gorde die aurten ere etxeko txikienei, goizero Belodromoan proiektatuko diren haurrentzako pelikulekin. Emanaldi berezi hauek atzo bertan hasi ziren Ricardo Ramónen Aita, zonbia naiz filmarekin eta, ohi bezala, Gipuzkoa osoko 2.200 ikasletik gora izan ziren estreinaldian.
10:00etarako minutu gutxi falta zirela hasi zen betetzen Amarako zine areto erraldoia
Donostiako ikasle gutxi batzuk oinez ailegatu ziren bertara, baina, gehientsuenak, autobusez joan ziren, ikastolara joan ordez pelikula bat ikustera joateak ematen duen emozio puntu hori ezkutatu ezinik. “Oso pozik gaude zinema eta marrazki bizidunak asko gustatzen zaizkigulako”, adierazi zuen Donostiako Zuhaizti eskolako Anek, zonbi, eta sorginen animazio pelikulak beldurrik ematen ez ziola ziurtatu ondoren.
Neskatila hau eta bere inguruko lagunak nahiko lasai zeuden gaztetxoenen aldean, txiki askorentzako zinemara joaten ziren lehen aldia zelako atzokoa. “Urtero etortzen gara
Belodromora eta txikienen artean beti nabaritzen dugu urduritasun pixka bat askorentzat
gauza berria delako zinema”, azaldu zuen Hondarribiko Ama Guadalupeko irakasle den Jose Mari Rodriguezek.
Mutrikuko Goizeko Izarrako eskolako Alai Urangak ere berdin pentsatzen du: “Oso gustura etortzen dira, baina, batzuk, ohi baino mugituagoak egoten dira”. Hala ere, atzoko emanaldira garaiz ailegatzeko, ohi baino goizago esnatu behar izan ziren Mutrikuko ikasleak eta horrek ere eragingo zuen seguru aski haurrengan.
Zinea lantzen eskolan
Belodromoko emanaldi hauek oinarritzat hartuz, irakasle askok Zinemaldia lantzen dute egun hauetan ikasleekin. “Ikusi behar ditugun pelikulak aztertzen ditugu eta umeengan zinemarekiko zaletasuna sortzen saiatzen gara”, zehaztu zuten Donostiako Manuel Larramendiko Mila Mujika eta Mariaje Urmeneta andereñoek. Bien ustetan, “oso
garrantzitsua da txiki-txikitatik hirian antolatzen diren ekimenetan parte hartzea”. Eta horregatik, Zinemaldia ailegatu baino egun batzuk lehenago, jaialdiaren nondik norakoak azaltzen dizkiete txikiei eta ikastetxea marrazki eta pelikulen irudiekin apaintzen dute. Izan ere, argi daukate etorkizuneko zine aretoak beteko dituztela egungo ikasleek.
Eserlekua hartuta, 10:00ak jo berri zirela, bertatu ziren hamar ikastetxeen izenak esaten hasi zen Manex Rekarte aurkezlea. “Hemen al dira Herri Ametsako 244 ikasleak? Eta Zarauzko La Salleko 111ak? Eta non dira Niño Jesús de Praga, Doctor Freming eta Talaiakoak? Egin ezazue denok zonbiarena”, esaten zien. Denak ailegatu zirela ziurtatuta, argiak itzali eta emankizunari hasiera eman zioten, askorentzat beren biziko lehen zinema esperientzia izango zena.
E.A.