"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Georges Franjuren lehen film luzearen eszena esanguratsuenean, protagonista aitaren bulegora sartu da lapurreta egitera. Mahaiaren gainean aurkitu dituen dokumentu batzuk erretzen hasi denean, aita agertu eta oihuka hasi da, asaldatuta: “nor eta nire semea lapurretan! erotuta zaude!”. Semeak zaplaztekoa eman dionean, izututa, aitak pistola atera du tiraderatik, eta poliziari deitu dio. “Basapiztiak otzantzea da gizarte guztien zereginetako bat”, ondorioztatu du.
Eromena zen Franjuren kezka nagusietako bat. Inoiz pentsatu omen zuen bera ere erotuko ote zen, hain zegoen gaiarekin obsesionatuta. Horregatik, filmatu zuen lehen lan luze honen gai nagusiek –gazte baten noraeza, errealitatetik ihes egiteko tema eta, era berean, eromenerantz bultzatzen duen errealitatea–, badute zerbait autobiografikoa.
Filma estreinatu zenean, 1959an, maitasunaren eta askatasunarena aldeko borroka
gisa iragarri zuten. Horregatik, hainbat adituk lan honen eta hamar urte lehenago filmatutako Le sang des bêtes (Animalien odola) lanaren arteko berdintasunak azpimarratu dituzte behin baino gehiagotan. Bietan badagoelako gizartearen zentzugabekeriari begirada kritikoa; Pariseko hiltegietako giro odoltsua baina, era berean, kirurgiko eta hotz samarra, oso lotuta zegoelako eroetxean gaixoekin praktikatzen zen terapia muturrekoarekin. Animaliak akabatzeko aseptikotasun axolagabea, eta buruz nahastuta zeudenekin erabiltzen ziren metodoak, funtsean, ez zirelako horren desberdinak.
Horregatik, François eroetxean sartzen dutenean, aitaren salaketaren ondorioz, presondegi batean ote dagoen galdetzen du lehendabizi. Erizainak ezetz esan dio, nola pentsa dezakeen horrelakorik, baina gero, beste eszena batean, patiora itzultzeko bidea
erakutsi dionean, erredentzio posible oro ukatu dio: “Ez, hortik ez, hor bestaldean askatasuna dago”. Alegia, ez dagoela ihesbiderik. Eroetxea, protagonistak uste duen bezala, eta seguru asko Franjuk berak pentsatzen zuen bezala, presondegia dela, zuloa,
asozialak berbideratzeko inbutua. “Nola ohitzen zara gaixo hauek guztiak gobernatzen?” galdetu dio apaizak mediku nagusiari. “Heriotzara zigortutakoekin zu moldatzen zaren bezala” erantzun dio. “Alde bakarra dago: zure kasuan, infernua geroago dator”.
Trantze horretan, maitasuna da Françoisi geratzen zaion bakarra. Bi aldiz ahaleginduko
da eroetxetik ihes egiten, bietan maitalearen laguntzarekin. Lehenean berehala harrapatuko dute. Bigarrenean, pareten eremua gainditu eta errealitate jasangaitz horretatik ateratzea lortuko du, baina berriro harrapatuko dute, antza behin betiko.
Aitak behin ohartarazi zion gizartea joko bat dela, eta jokatzen jakin egin beharra dagoela.
Eta zoroek ez dakite jokatzen. Horregatik dira galtzaileak.
A.B.