"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zoriari buruzko film batean, haizeak behar zuen protagonista, nola ez, eta haizea da Emak Bakia Baita filmaren aktore eta subjektu nagusia. Haizea, Bidarteko erlaitzetik datorrena, Biarritzeko kaleak zeharkatzen dituena, hondartzetako harea altxatu eta surflariek hainbeste maite dituzten olatuak harrotzen dituena, etxe baten izenaren atzean dabilen zinemazalearen gogoa astintzen duena.
Oskar Alegriak haizearen inguruko alegoria filmatu du lan eder honetan, eta haizea, berez, bilaketa baten metafora da. Bilaketaren helburua Man Rayk famatu zuen Ema Bakia Baita etxea bera da. Edo, hobe esanda, etxearen historia eta istorioak. Etxean bizi izandakoak, etxearen gainean esandakoak, etxearen gomuta. Etxea, zentzu zabalenean: eraikina eta eraikina bizi izan dutenak.
Haizeak berak markatzen dituen parametroetan barna —atzera eta aurrera, eta itzulinguruka ibili beharra; kanpoko paisaien nagusitasuna; firin faraneko kamera mugimenduak—, bilaketa ausazkoa da hasieratik, zorizkoa. Norabiderik gabekoa, antza. Kamera hilerrian hasten da bila, erreferentziaren bat helburu, baina han pailazo baten hilobia baino ez du aurkituko. Herriko etxeen artean jarraituko du gero, baina han Loreduna, Le treffle, Chantami etxeak baino ez. Egileak, orduan, haizeak zirrikituetatik ihes egiten duen bezala, dibertimentu bat proposatu eta etxe guztien izenekin poesia bat osatu du: “Suertea/ Zubi ttiki/ Tiki tikia/ Nahi bezala/ Ametsa/ Ithuritchua/ Guk egina/ Gauen gostuz/ Dena/ Ederki da/ Ichilian/ Hor dago/ Robinson/ Ithaque/ Ongi irabazia/ Loriekin bizi/ Bakharrik/ Lendabisiko echea/ Gure-kayola/
Erdiko etchea/ Constacia baita/ Azkena/ Izen gabea”.
Baina zoriaz nekatu eta beste bide batzuk jorratzea erabakitzen duenean, Bidarteko ur azpiko arroken izenak gogoratzen dituen azken herritarra topatuko du Alegriak. Nora joaten dira hiltzen diren hitzak? Eta Vladimir Nabokoven lehengusina zen printzesa errumaniarrarekin topo egin du. Bernardo Atxagak eta Ruper Ordorikak izenez eta memoriaz eta askatasunaz hitz egin diote –“Zer geldituko da gerorako? leku izenak, agian”, idatzi zuen Sarrionandiak; “munduan ez dago horren kontzientziarik, baina guretzat jasangaitza da galera hori” dio Ordorikak-, eta filmari esker, etxeak bere izena berreskuratu du, eta pailazo izandako bat, bere heriotzaz mintzatuko zaio.
Man Rayk askatasun erabatekoa nahi zuen bere filmerako. Oskar Alegriaren urratsak haizeak gidatu ditu. Antzekoa da, ezta?
A.B.