"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lasse Hallströmek eta bere emazte Lena Olin aktoreak lehiako azken filma aurkeztu
dute, Hipnotizatzailea. Zuzendariak adierazi duenez, proiektu hau etxera (Suediara) itzuli ahal izateko onartu zuen, Hollywooden lanean hiru hamarkada luze pasa ondoren: “Stockholmen bi egun baino gehiago pasatzeko gogoa nuen. Filmaren gidoiak interesa piztu zidan eta gainera, Lenarentzat rol egokia zegoen pelikulan”.
Zuzendari suediarrak Lars Kepler idazlearen ‘best-seller’-a egokitu du. Segidako hiltzaile batek familia bat hilko du gupidagabe. Kide bat salbatu egingo da, ordea. Kasua aztertzen ari den poliziak prestigioa galdu duen hipnotizatzaile bati laguntza eskatuko dio, baina handik gutxira hipnotizatzailearen semea bahituko dute.
Korapilo horren hariak askatzen saiatu da Hallström. Prentsaurrekoan adierazi du badakiela “bigun” fama duela, beti “pelikula beroak” egitea leporatzendiotela. “Gauza gordinagoak egin nahi nituen”, nolabait zuritu nahi izan du bere burua.
Hipnotizatzailearen papera betetzeko Mikael Persbrandt suediar aktore bikaina kontratatu izana, Hævnen (Mundu hobeago batean) filmeko protagonista berau, kalitate kontua izan da osotara: “Izugarri gustatzen zaidan aktorea da, eta mundu mailako zinema izarra izango litzateke ingelesez hitz egiterakoan suediar doinua izango ez balu. Kimika nabarmena du Lenarekin. Simon Stahoren Bang Bang Orangutang filmean elkarrekin jardun zuten eta begien bistakoa zen bata bestearekin primeran egokitzen zirela”.
Zinemagileak thriller ‘diferentea’ egin nahi izan du, generoaren kanonetatik aldenduta. Familia baten drama eta thrillerra lotzen saiatu da esperimentu gisa. Eta iruditzen zaio lortu duela: “Estatu Batuetan beste tonu batean egiten dituzte thrillerrak. Uste dut gurea errealagoa dela”. Hartara, tramaren gainetik jarri ditu pertsonaiak: “Ez nituen pertsonaiak argumentuarengatik sakrifikatu nahi. Antzezpenak gogotik landu ditugu gero filmaketan lasai inprobisatu ahal izateko eta harro nago emaitzarekin”.
Bere herrikide Stieg Larsson eta zinemara eramandako eskandinaviar nobela beltzaren boom-az galdetu zaionean, Hallmströngek ez entzunarena egin du: “Ez dut nobela beltz nordikoaren olatu berria gehiegi jarraitu. Millennium sorta besterik ez dut ezagutzen”. Lena Olin, bestalde, bere “ama-hizkuntzan berriro errodatu izanaz” pozpozik agertu da.
S.B.