"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskal zinemak komediarako joera daukala begi bistakoa da. Gutxienez azken urteotan. Arrakastak lagundu du, jakina, eta Aupa Etxebeste, edo Urte Berri On, Amona lanek lortutako emaitza onak lagundu diote bide bat egiten zuzendari, gidoilari eta aktore talde profil zehatz bati. Horrek, seguru asko, zirrikituak ireki ditu beste motatako zinemarentzat, eta iazko eta aurtengo zinemaldian dagoen film kopuruari begiratu besterik ez dago. Inoiz ez dira hainbeste film egin. Inoiz ez dira hain onak izan.
Bypass edozein komediarekin parekatzeko moduko film txukuna da, gidoi irudimentsua duena, aktore talde sinesgarriak jokatuta dagoena eta, kolpez kolpe, harremanak eta elkarrizketa hariak josten joaten dena, interes komikoa behin ere jaitsi gabe. Engainuz engainu, eta maitasunez maitasun, protagonistak irteerarik gabeko matazan harilkatzen ditu gidoiak, ondo jakinik ere noizbait denek topatu beharko dutela irteerarako bidea, eta, ia beti, mingarria izango dela, engainu guztien irteerak bezala.
Harreman zirkularrak, triangeluarrak, bikoitzak eta banakakoak dira, eta funtsean gezur baten inguruan eraikitako film honetan bakoitzak bere papera jokatzen du. “Gezurrek adikzioa sortzen dute” esaten dio Lukas lagunak Xabiri, protagonistari.
Eskertzekoa da esaterako elkarrizketei darien freskotasuna eta sinesgarritasuna. “Zenbat min egin dio maitasunak sexuari”. Eskertzekoa da, era berean, musika talde ezagunen presentzia. Zea Mays, Ruper Ordorika, Gari edo Ken 7-ren doinuek giroa jartzen diote inoiz bikoterik eduki gabe hiltzear dagoen neskaren itxaropen berrituari, haren azken hilabeteak berarekin bizi nahi duten koadrilaren alaitasunari, Xabiren ahalegin gezurtiari, Nerearen ezjakintasunari, eta, batez ere, ustez asmo onez egindako fikziozko harreman sortari. Horixe baita Bypass: asmo oneko gezur batek sortutako anabasa faltsua, dena.
A.B.