"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Publizitate eta telesailentzako ekoizpenak egiten ibilbide luzea osatu eta gero, Tana Schemborik eta Juan Carlos Manegliak osatutako bikotearen lehen film luzea da Siete cajas. Aktore protagonistek lagunduta etorri dira Donostiara: Celso Franco eta Lali Gonzalez, Victor eta Liz, historia xume honen arima.
Juan Carlos Manegliak dioenez, historiaren abiapuntua gau batean sortu zen, Asuncionen oso famatua den Mercado 4 bisitatu eta gero: “Denek uste dugu merkatu bateko bizitza egunarekin batera bukatzen dela, baina gaueko giroa ikusita hori kontatu behar nuela erabaki nuen”. Aukeratutako protagonista Victor da, eskorgarekin mandatari gisa lan egiten duen hamazazpi urteko mutila, bertan “carretillero” gisa lan egiten duten guztien omenez.
“Paraguaitarrak nolakoak garen islatu nahi izan dugu istorioan. Gure umorea eta gure
izaera nolakoa den, eta erakutsi, era berean. pertsonaiak ametsak dituztela gu guztiok bezala, eta horiek betetzea, askotan, ez dagoela dirua edo boterearen menpean”. Intriga, ezbeharrak eta jazarpenak nahasten dira merkatuan, hamaika mila sorpresaz
betetako eszenatokian, poliziak, dendariak, Victorren lagunak, etsaiak eta ahaideak, denak elkartzen diren unibertsoan.
Pertsonaiek erabiltzen duten hizkuntza yopará da, guaraniera eta gaztelera nahasten duena. “Yopará berezia da, gainera, merkatukoa” zehaztu dute zuzendariek, “ eta aktoreek zuzenean benetako merkatariekin landu egin behar izan dute”.
Siete cajas filmak iazko Zinema Eraikitzen saria lortu zuen, eta horixe azpimarratu nahi izan zuten egileek atxo, Donostian. “ Asko zor diogu 2011ko Zinema Eraikitzen Sailari” esan du Tana Schemborik, “horri esker pelikula bukatzea lortu baikenuen. Ekoizpen osteko fasean ginela, ez genuen ikusten nola bukatu. Iazko lehiaketan parte hartzera Donostiara etorri ginen iaz, eta aurkeztutako hirurogeita hamar proiektuen arten aukeratuak izan ginen, eta baita irabazi ere, guztien adostasunaz gainera. Ez genuen sinesten. Sariarekin batera etortzen diren laguntzak eta aukerak ezin hobeak izan dira, bai baliabide teknikoak eskuratzeko, bai ikasi ahal izateko”.
Filma pasa den abuztuaren 20an estreinatu zen Asuncioneko zinema aretoetan, eta Torontoko Zine Jaialdian aurkeztu egin zen gero. Donostiako Zinemaldian egon eta gero, Europako beste jaialdietan parte hartzeko asmoa dute egileek, eta jadanik Britainia Handian eta Frantzian saldu dute filma.
P.Y.