"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Julio Medem artean zuzendari ezezaguna zen Vacas filmatu zuenean, 1992an. Haren lehen lan luzea izan zen, lehen proiektu sendoa nolabait esanda, baina jada hor daude zuzendariaren obsesioak, irudiak, estetika osoa. Baztani buruz pausatu zuen begirada errealista eta, era berean, magikoak, ondoko lan guztien introspekziorako joera marraztu zuen.
Iñaki Elizalderen Baztan lan honek asko edan du Medemen filmetik, eta ia omenaldi txiki bat bezala hartu daiteke. Hasteko, gidoilari bera dute bi lanek, Michel Gaztambide. Bestetik, Medemen lana espresuki aipatua da filmean, eta haren protagonista nagusietako bi, Kandido Uranga eta Carmelo Gomez, Elizalderen lan honetan ere aktore gisa agertzen dira, Medemen filma gogoratzera Baztanera iritsi diren bisitari gisa.
Baina Elizalderen lehen luze honek plano bat baino gehiago dauka, eta bien arteko uztarketa horrek ematen dio interesa. Alde batetik, XVI. mendean agoteei buruz Inkisizioak Baztanen zabaldutako ikerketa da gai nagusia. Urtsuako jaunak morroi gisa ekarri zitueneko garaiak lantzen ditu gidoiak, non Arizkungo Bozate auzoan baztertutako biztanleen aurkako jarrera orokorra zen, eta inguru osoan miseria zen nagusi, eta jauntxokeria, itzela. Eta botere borrokak ere, beldurgarriak.
Bestetik, gaur egungo Baztan ageri da Elizalderen lan honetan. Oso Baztan hurbila eta benetakoa: herriko jaiak prestatzeko bertako emakumeek egiten duten auzolana; hango giza paisaia erretratatu nahian ari den argazkilari beteranoa; apustu batengatik behigorria jokatzeko prest dauden herritarrak; ikasle gazteen nahiak eta ezinak... Erreferentzia errealak etengabekoak dira: Lekarozko ikastetxearen eraispenari buruzko irudiak; jaietako mutil dantzak; lamiei buruzko ahozko kontakizunak; bertako artista bati buruz elkarrizketa egitera iritsi eta agoteei buruz interesatuta amaitzen den kazetarien ezjakintasuna eta, era berean, jakin-mina.
Bi plano horien arteko jokoa da filmaren ahalegin nagusia. Bitartean, hari asko solte geratzen dira, beharbada Medemek berak argitu nahi izan ez zuen misteriozko aire berari eusteko. Azken finean, Baztani buruzko omenaldia baita Iñaki Elizalderen film hau. Historia luze eta interesgarria izan duen eskualde bati buruzko begirada esker onekoa.
A.B.