"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nola azaldu haur bati senide baten heriotza? Nola eman txikiei batbatean gertatzen den ezbehar baten berri? Jean-Christophe Dessaint zuzendari frantziarrak gai hori jorratu du Zinemaldira ekarri duen animaziozko Le Jour des Corneilles (Belearen eguna) lanean. Basoan bizi diren aita-seme batzuen maitasun istorio goxoaren bidez, amodioa, heriotza eta adiskidetasuna landu ditu Zuzendari Berriak sailean lehiatzen den lan honetan. “Pelikulak umetan izaten diren beldur eta kezkak jorratzen ditu, batez ere, helduen laguntzarik gabe gainditu behar izaten diren horiek”, azaldu du Batman, Lucky Luke eta The Simpsons bezalako proiektuetan parte hartu duen animatzaileak.
Oraingoan, estilo horiek aldera batera utzi eta, Hego Korea eta Japonian ikasitako teknikak erabiliz, lan “pertsonalago” bat egin du frantziarrak. Oihaneko liburuaren bertsio berritua bailitzan, animalia artean bizi diren semetxoa eta ama hil zenetik basapiztituta dagoen aitaren harremana kontatzen du filmak. Eta nola, gaixotasun bat tarteko, zibilizaziora jaitsi eta bizia aldatzen zaien biei ala biei. Izan ere, herriko medikua eta honen alabaren bitartez, sentiberatasunean, maitasunean eta adiskidetasunean sakonduko dute eta ohartuko dira ehizaz haratago doazen gauzak direla. Hau da, ez dela nahikoa izango tiragoma batekin harritxo bat jaurtitzea.
Puntako kolaboratzaileak
Belearen eguna autore pelikula dela argitzen du Dessaintek, bi urtetik gora artisau erara ekoiztu duen filma dela, alegia. Produkzio-etxe handietatik at, animazio lan hau gidoilaria,
ekoizlea eta zuzendariak berak bultzatutako proiektua da. Hala ere, irudiei ahotsa jartzeko, punta-puntako kolaboratzaileak izan dituzte, Jean Reno aktorea eta orain gutxi zendu den Claude Chabrol zinemagilearena, besteak beste.
"Hasieran ez genuen uste, inondik inora, tamaina horretako jendea erakartzerik izango genuenik, baina, proiektuaren berri jakin zutenean laguntzeko prest agertu ziren”, azaldu du.
Dessaintek ederki daki izen horiek filmarekin bat egiteak nolako garrantzia duen, eskuartean daukana animazio pelikula bat denean batez ere. “Kolaboratzaile ezagunak izateak berebiziko garrantzia du, oraindik ere, nimazioa ez delako beharko luken mailara ailegatu. Esparru hau helduei bertaratu behar zaie eta publikoa zabaldu”, iritzi du Gaumont bezalako produkzio- etxeetan lan egin duen Dessaintek.
Egindako lanarekin “oso harro eta pozik” dago frantziarra eta, publikoaren erantzuna zein izango den jakiteko goiz bada ere, dagoeneko badauka Koreako erreferentzia, filma han estreinatu baitzen lehenengoz. “Mendebaldeko proiektu bat zela ikusirik, ez geunden batere ziur pelikulak izango zuen harrerarekin, baina, zorionez, publikoaren erreakzioa ikaragarri ona izan zen”, ekarri du gogora.
Orain, gogotsu itxaroten ari da Donostiako ikusleen erantzuna.
E.A.