"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Herri honetan zerbait dakigu minez. Zerbait, ezin ikusiez, gaizki ulertuez, barrikadez. Horregatik, gatazken inguruko esperientzia orori interes bereziarekin begiratu ohi diegu, pista baten bila, askotan. Zirrikitu eske. Zerbait ulertuko dugun jakin-minez. Baliagarria izan dakigukeena aurkituko dugun ikusmirarekin.
Eliane Raheb Libanoko guda zibilaren mordoiloaren erdian murgildu da, bera ere argi bila.
Eta bi protagonista jarri ditu aurrez aurre. Alde batetik, Libanon errefuxiatutako palestinarrak Israelen laguntzaz zafratu zituzten milizia kristau falangistako buru izandako Assaad Shaftari, bestetik Israelen aurkako borroketan desagertutako militante komunista baten ama Maryam Saidi. Filma bera Saidiren semearen bilaketa etsia da. Posible ote da oraindik bizirik egotea, amak uste duen bezala? Hala ez bada, non ote dago gorpua? Nora joango da Myriam negar egitera?
Libanoko gerrak 1975etik 1990era iraun zuen, eta Beirutera eta, orokorrean, Libano osora hondamendia ekarri zuen. Garai hartan, Israelgo indarrek Libanoko kristauen aldeko politika bultzatu zuten, Jassir Arafaten Palestinarren Askapenerako Erakundea (PAE) herrialdetik bota eta kristauen nagusigoa indartzeko, eta Siriak, berriz, palestinarren alde egin zuen. Gatazka horren zauriak oso presente daude Libanon, eta dokumental honek frogatzen duenez, herrialdea oraindik oso urrun dago benetako elkarkidetzatik.
Nolanahi ere, Rahebek planteatzen duen asmoa, alegia pantaila baten aurrean gatazka
bereko bi alderdiak jarri eta bertan konpromisoren bat bilatzea, eztabaidagarri gertatu da behin baino gehiagotan, eta zalantzan jartzen du egitasmoaren beraren abiapuntua: posible ote da elkar ulertzea aldez aurretiko lana egin gabe? Borondate soilean oinarritutako ezein egitasmo bakezalek ze etorkizun dauka?
A.B.