"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Adachi Emeri hamar urteko neskatila Japoniako barrualdeko herri batera iritsi da gurasoekin. Aita enpresa handi bateko arduraduna da, eta bizimodu erosoa dute. Txikia ondo moldatzen da eskolan, eta lagunak egiten ditu berehala. Egun batez, baina, Emeriren logelatik panpina frantses xarmanta desagertu da. Handik gutxira, lagun taldea eskolako patioan jolasean ari dela, gizonezko bat hurbildu zaie. Emeri harekin joan da, eta, handik gutxira, eskolako kiroldegian hilik aurkitu dute. Hilketa misteriotsua argitzeko ezintasun durduzagarriak korapilatzen du Kiyoshi Kurosawa zinemagile japoniar ospetsuaren azken lana, Japoniako telebistarako pentsatutako saio arrakastatsua.
Hildako neskatilarekin zeuden lau lagunek ez dute hiltzailearen aurpegia gogoratzen. Ezin diete hilketa argitzeko ikerketan ari diren poliziei lagundu, eta ezin diote hilketagatik erotzear den amari lagundu. Honek ohartarazi die hiltzailea aurkitu arte ez dutela bakerik izango. Telesailak bost atal ditu, eta haietako bakoitzean hilketa gertatu eta hamabost urtera taldea osatzen zuten adiskide bakoitzaren ezintasunak eta beldurrak kontatzen dira. Denak pairatzen ari baitira amaren mehatxuaren ondorioak, nork bere erara: batek oraindik gomutan du misteriotsuki galdutako panpina; besteak izua die gizonezkoei; beste batek hildako neskatilaren amaren bisita jasoko du espetxean. Azken kapituluan korapiloa askatzen da, eta zentzua ematen dio aurreko lan guztiari. Nork esan zuen telebistarako filmak aspergarriak zirela?
A.B.