"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Tabakalerako (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa) zuzendari nagusi izan da 2006tik 2010era bitartean. Denbora-tarte horretan, Tabakalerak ikus-entzunezko produktuak filmatzeko plato handi gisa funtzionatu zuen, eta, horrez gain, festak eta ekitaldiak egiteko espazio berezi bezala ere baliatu zuten aipatutako zentroa. Era berean, zinema-emanaldiak ere antolatu dituzte; konparazio batera, Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketak, Clermont-Ferrandeko film laburren nazioarteko jaialdiaren Labo saila osorik proiektatu izan dute, edota Biarritzeko ikus-entzunezko produktuen FIPA nazioarteko jaialdia ere bertan egin da. Lankidetza-harremanak estutu zituen Donostia Zinemaldiarekin, baita Donostiako Zinema Unitatearekin edota Euskadiko Filmategiarekin ere. Era berean, Tabakaleran hainbat erakusketa antolatu zituzten Muñozen zuzendaritza garaian: Sistiaga, (2006); «Summer» (Julian Schnabel, 2007ko uda); Latinoamerikako arte garaikidea, Daros Bildumaren bidez («No es Neutral», 2008); «Tabakalera Soinutan» (2009); edota «Buñuel y El Perro Andaluz» (2009).
Aurretik, olerkiak, haurrentzako liburuak, irudiak eta kultura bisualari buruzko artikuluak argitaratu ditu; bai espezializatutako prentsan, bai prentsa orokorrean. Gidoilari ere aritua da, eta komikiak, telebistarako programak, dokumentalak, iragarkiak eta fikziozko hainbat film luze idatzi ditu. Film luze bat ere zuzendu zuen, Karramarro Uhartea, eta, hari esker, animaziozko film luze onenaren Goya saria eskuratu zuen 2000n. Era berean, Tortolika eta Tronbon film laburra ere zuzendu zuen, eta Kimuak katalogorako aukeratu zuten 1999an. Hainbat eratako kultur proiektuak egin ditu, eta, batez ere, erakusketetako antolatzaile eta komisario izan da; horien artean, nabarmentzekoak dira Atarian (hiriaren historiari buruz), Ivan Zulueta, Antton Olariaga, Gabriel Celaya, Joxe Mari Zabala, Isabel Azkarate, John Zabalo «Txiki», etab.
Donostia Zinemaldiaren Zuzendari Berrien epaimahaikide izan zen 2003an. Era berean, gutxitutako hizkuntzei eskainitako Eremuak nazioarteko zinema-jaialdiko zuzendaritza taldeko kide izan zen (Zarautz, 1994, 1995 eta 1996), baita Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko epaimahaikide ere 1997an.