"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jonathan Rosenbaum zinema-emaileen semea eta biloba da; 1943an jaio zen Alabama ipar-mendebaldean, eta Frank Lloyd Wright arkitektoak diseinatutako etxe batean hazi zen. 1969an New Yorketik Parisera joan zen. Handik urte batzuetara, 1974an, Londresera joan zen bizitzera, eta Britainiako Zinema Erakundeak argitaratzen zituen bi aldizkaritan lanean hasi zen; hain zuzen, Monthly Film Bulletin eta Sight and Sound agerkarietan.
1977an Estatu Batuetara itzuli zen, eta Manny Farber irakaslearen tokian jardun zuen aldi labur batez Kaliforniako Unibertsitatean, San Diegon. Horren ostean, New Yorkera eta Hoboken-era joan zen (New Jersey), eta bertan idatzi zuen lehendabiziko liburua (Moving Places, 1980). 1983an Kaliforniako Unibertsitatera itzuli zen irakasle; lehendabizi Berkeleyn, eta, ondoren, Santa Barbaran. Handik lau urtera, 1987an, Chicagora joan zen, Chicago Reader astekarian zinema-kritikari gisa jardutera. Hogei urtez aritu zen bertan.
Beste hainbat liburu ere egin ditu: Midnight Movies (J. Hoberman-ekin, 1983), Film: The Front Line (1983), Greed (1991), This is Orson Welles (editore gisa, 1992), Placing Movies (1995), Movies as Politics (1997), Dead Man (2000), Movie Wars (2000), Abbas Kiarostami (Mehrnaz Saeed-Vafa-rekin), Movie Mutations (Adrian Martin-ekin batera argitaratua, 2003), Essential Cinema (2004), Discovering Orson Welles (2007), The Unquiet American (2009) eta Goodbye Cinema, Hello Cinephilia (2010).
1997tik 1998ra bitartean, 1958ko Touch of Evil filmaren bertsio berria egiteko aholkulari gisa jardun zuen; Orson Welles zinemagilearen postprodukzio-oharrak zituen oinarri film horrek. Bestalde, 2008an bere web orria argitaratu zuen (jonathanrosenbaum.com).