"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Javier Martín (Valladolid, 1970) Ekonomia Zientzietan lizentziatua da.
1995ean Parisera joan zen, eta Sorbonako École Pratique des Hautes Études zentroan Antropologia Bisuala eta Dokumentala ikasi zituen, baita ekoizpenean eta muntaketan praktikak egin ere.
Manuel Vázquez Montalbán idazlea omentzeko jardunaldiak antolatu zituen Parisen 1997an, ARTE telebista-katearekin lankidetzan.
Frantziako Colifilms banaketa-etxean lan egin zuen 1998tik 2001era bitartean. Konpainia hori Frantzian Espainiako eta Latinoamerikako zinema banatzen espezializatuta dago. Aldi berean, Espainiarekin eta Mexikorekin hainbat koprodukzio koordinatu zituen, Frantziako Albares Productions ekoizpen-etxearen bitartez.
2002tik, Parisko Udalaren mendeko Forum des Images zinematografia-erakundeko programatzaile da. Bertan, hainbat egiteko izan ditu; besteak beste, Iraneko zinemagintzari buruzko «Portraits de Téhéran» atzera begirako xehatua antolatu zuen 2003an.
2006tik 2011ra bitartean Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldirako lan egin du. Lehendabizi, Espainiarako eta Latinoamerikarako korrespontsal gisa; 2010eko eta 2011ko edizioetan, berriz, hautaketa-batzordeko kide gisa.
Espainiako hainbat zinema-jaialdirekin lotura eduki du Parisen. Esate baterako, 2005etik 2007ra bitartean Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketak koordinatu zituen, Donostia Zinemaldiaren barruan. Aurretik, Valladolideko SEMINCIn ere kolaboratu du, «1939. Memoria de un exilio» zikloa programatzen.
2005ean Espagnolas en París zinemagintzako profesionalen taldea sortzen parte hartu zuen. Talde horrek Espainiako zinemak Frantzian presentzia jarraitua izan dezan egiten du lan; horrez gain, profesionalen arteko topaketak antolatzen ditu, bai eta Différent! jaialdia ere.
Hainbat hitzaldi eta tailerretan txostengile gisa ere aritua da; esate baterako, egungo ikus-entzunezkoei buruzko nazioarteko jardunaldietan (IVAC, Valentziako Filmoteka, 2007), «Zinema, Europa, mundua: Europar Batasuneko zinematografia-lankidetzarako politikak» hitzaldian (CNC, Frantziako Zinema Zentroa, 2008), edota CinémaLab tailerretan (ARCALT / CICAE - Toulouse, 2010).
Besteak beste, Toulouseko, Valdiviako (Txile) eta FICUNAM (Mexiko) zinema-jaialdietan epaimahaikide izan da.