Donostia Zinemaldiak, 59. edizioan, atzera begirako oso bat eskainiko dio Jacques Demy (Pontchâteau, 1931- Paris, 1990) zinemagile frantziarraren lanari. Demy Frantziako zinemaren barnean ospe handiko izena da eta genero musikala berritu dutenen artean zinemagile handienetako bat. Hasieran nouvelle vague korronteko zuzendari gazteei lotu bazitzaien ere, Demyren lana oso berezia eta sailkaezina zenez, bide propio eta erabat berezia egin zuen. «Zinema abestua» egin zuen eta bere zuzendaritza artistiko dotoreari jarraiki lan egin zuen, unean uneko zinema moda edo joera orori bizkarra emanda.
Demyk Arte Ederrak ikasi zituen eta animaziozko zineman hasi zen lanean, Paul Grimaulten laguntzaile lanak egiten. Ondoren, Georges Rouquier dokumentalgilearen zuzendari laguntzaile lanak egin zituen eta hark ekoitzi zion lehen film laburra Le Sabotier du Val de Loire (1955). Hainbat film labur zuzendu ostean, Lola (1960) lehen film luzea egin zuen Demyk. Bere lan bikainetako lehenengoa izateaz gain, Frantziako «olatu berria» korronteko pelikula entzutetsuenetako bat bihurtu zen. Bere talentua La baie des anges (1963) melodramaren bidez berretsi zuen. Jokoaren munduan girotuta zegoen eta protagonista Jeanne Moreau aktorea zen.
Hala ere, hirugarren filmak eman zion mundu mailako entzutea eta ospea, eta horrek berak erakutsi zuen Demyk zinemaren inguruan zeukan ikuspegi berezia: Les parapluies de Cherbourg (1964) filmari esker, Canneseko Zinema Jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen eta Atzerriko Film Onenaren Oscar sarirako izendapena lortu zuen. Catherine Deneuve zen filmaren protagonista eta elkarrizketak abestiekin ordezkatu zituen musikalaren berrikuste paregabe horrek jarraipena izan zuen, Hollywoodeko zinemari egindako omenaldi zoragarri baten bidez, hau da, Les demoiselles de Rochefort (1967) filmaren bidez. Pelikula horretan, Deneuve eta Françoise Dorleacekin batera, genero musikaleko mito Gene Kelly izan zen aktore nagusietako bat.
Ondorengo lanetan, Demyk estetikaren eta zinema-narratibaren ikuspegi bitxia garatzen jarraitu zuen. Hauek dira aipagarrienak: Model Shop (1969), Ameriketako Estatu Batuetako garaiko jendarteari buruzko ikuspegia azaltzen duena; Peau d’âne (1970), haurrentzako ipuinen mundua berrikusten duen film liluragarria, berriz ere Catherine Deneuve protagonista zuela; Lady Oscar (1979), Japoniako La rose de Versalles manga filmaren moldaketa; Une chambre en ville (1982), kutsu politikoko maitasun istorio tragiko bat kontatzen zuen beste musikal bat; eta, Trois places pour le 26 (1988), bere azken lana, fikzioa eta errealitatea nahastuz Yves Montand aktorearen bizitza eta karrera errepasatzen zituena.
Quim Casas eta Ana Cristina Iriartek koordinatutako zinegileari buruzko liburu bat argitaratuko da.
Ziklo hau Espainiako Filmotekarekin batera antolatu da eta EGEDA eta IBAIAk babestuko dute.
JACQUES DEMY
Laburmetraiak:
Luzemetraiak:
Agnès Vardaren filmak:
Atzera begirako klasikoa
Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak, James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl, Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges, Anthony Mann, Robert Wise, Ernst Lubitsch, Henry King, Mario Monicelli, Richard Brooks edo Don Siegel buruzkoak azpimarra daitezke.