Donostia Zinemaldiko sail berriak Berlinaleko "CULINARY CINEMA" sail entzutetsutik hartu du izena, “C” letraren ordez “Z” hizkia aldatuta, “ZINEMA” hitza gogoan, hau da, “CINEMA” hitzaren euskal itzulpena.
Donostian eta hiriaren ingurumarietan aurkitzen da metro karratuko Michelín izardun jatetxeen munduko kontzentraziorik handiena. Euskal sukaldariak, gainera, mundu guztian dira ezagunak eta preziatuak. Hor daude Mugaritz (bi Michelín izar ditu eta hirugarren sailkatu zen The Restaurants Magazine gida britainiarreko zerrendan), Arzak (hiru izar), Martín Berasategui (hiru izar), Akelarre (hiru izar)... Hor daude Andoni Luis Aduriz, Juan Mari eta Elena Arzak, Martin Berasategui, Pedro Subijana... Zalantzarik gabe, munduko jatetxe eta sukaldari garrantzitsuenen artean daude guztiak.
Donostiak, bestalde, FIAPF elkartearen sailkapenean maila gorena duen zinema jaialdi lehiakorra ere badu. Horrenbestez, Donostia Zinemaldia ia derrigortuta zegoen zinema eta gastronomia lotuko zituen sail bat sortzera.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak honela azaldu du gaurko agerraldian: «Aspalditik miresten dugu Berlinalek Culinary Cinema sailaren bitartez jorratutako lan ildoa.Hori dela eta, orain, Basque Culinary Centerrekin koprodukzioan zinemari eta gastronomiari buruzko gure sail propioa sortzea erabaki dugunean, zentzuzkoa iruditu zaigu munduko jaialdi garrantzitsuenetako batekin elkarlanean egitea. Berlinalek bai sukaldaritzaren munduan bai zinemarenean pilatutako esperientzia eta ospea baliatu nahi izan dugu».
Hitzarmenak zinemaren eta gastronomiaren gaineko informazioa trukatzea aurreikusten du, baita hezkuntza, zientzia eta nekazaritzaren arloetan elikadurarekin lotutako hainbat jarduera garatzea ere.
Culinary Zinemaren lehen edizioa Felipe Ugarte eta Juantxo Sardonek egindako Mugaritz BSO dokumentalaren mundu mailako estreinaldiarekin inauguratuko da.
Zazpi film luzek eta film labur batek osatuko dute sail osoa.
Zinema proiekzioekin batera, afari tematikoak ere egingo dira Zinemaldian.
Filma
|
Jatetxea
|
Sukaldaria
|
MUGARITZ BSO | Mugaritz | Andoni Luis Aduriz |
EL BULLI: COOKING IN PROGRESS | Mirador de Ulía | Rubén Trincado |
EL CAMINO DEL VINO | La brasserie Mari Galant (Hotel de Londres) |
Roberto Ruíz del restaurante El Frontón de Tolosa |
LES ÉMOTIFS ANONYMES | Iñigo Lavado | Iñigo Lavado |
JIRO DREAMS OF SUSHI | Bokado Aquarium | Mikel Santamaría |
NOMA - AT BOILING POINT | Fagollaga | Ixak Salaberria |
PERFECT SENSE | Illarra | Josean Eizmendi |
Ruben Trincado
Mirador de Ulía jatetxeko chef eta jabea. Michelín izar bat lortu zuen 2010. urtean. Abangoardia ikur hartuta, etorkizuna nondik joango den erakusten duen chefetako bat da.
Roberto Ruiz
Tolosako Fronton jatetxeko sukaldaria da orain dela hogei urtetik. Bere jatetxea produktuaren tenplu bilakatu du. Plateren jatorria ikertu eta kalitatea lantzen du ekoizleekin, eta, ostean, sentikortasun izugarriarekin eraldatzen ditu osagaiok.
Iñigo Lavado
Sukaldari gaztea da, baina dagoeneko ibilbide profesional oparoa egindakoa. Jatetxe handietan trebatu ostean, proiektu egonkorra osatu du. Lan egiteko eta kudeatzeko modu berriak esploratzeko prest da beti. Lavadoren Singular jatetxea eredu aitzindaria da, zentzu guztietan.
Ixak Salaberria
Fagollaga jatetxean Ixakek garatzen duen sukaldaritzak aurreko belaunaldien klasizismo bikaina eta abangoardiako egungo goi mailako sukaldaritza uztartzen ditu. Ixak sukaldaritzaren birtuosoa da eta lana ongi egitean irmoki sinesten du.
Mikel Santamaria
Aquariumeko Bokado jatetxean lan egiten du Mikelek. Jatetxe bikaina da, eta ez bakarrik bere ikuspegi paregabeengatik, baita bertako proposamen gastronomikoengatik ere. Sukaldaritza modernoan zein abangoardiakoan esperientzia luzea du Mikelek, baina baita kalitate ezin hobeko zerbitzuak eskaintzen ere.
Andoni Luis Aduriz
Bi Michelin izarrekin, eragin handieneko munduko sukaldarietako bat da, etorkizuneko joerak aurreratu eta bide berriak zabaltzeko orduan. Hala, bezeroak eta lagunak sukaldaritza gainditzen duten esperientzien bila hurbiltzen dira Mugaritzera.
Josean Eizmendi
Illarra erretegia erreferente bilakatu da parrillarekin lan egiten duten jatetxeen artean. Izan ere, azken urteotan izugarri garatu diren tekniken eskutik, erretegien sektoreak iraultza bizi izan du. Josean teknika berritzaile horien aitzindari da, eta bere ekarpena onartua eta saritua izan da. Sukaldari berritzailea da, irekia, jatunari irakasteko bokazioa duena. Horrez gain, izugarri zorrotza da eskaintzen dituen produktuen kalitatearekin.