Zinema beltza edo film noir generoa denbora pasa ahala ongien mantendu den generoetako bat da, segur aski bere benetako filosofia mundu osoko gizarteen alde iluna islatzea izan delako beti. Delinkuentziaren, ustelkeria polizial eta politikoaren, bulkada kriminalen eta desio ilunen erretratuek osatu dute XX. eta XXI. mendeetako imajinario zinematografiko boteretsuenetako bat.
Hastapenetan, fikzio kriminal mota horiek Ameriketako Estatu Batuetako zine klasikoaren testuinguruan sortu ziren, baina ondoren mundu osoko zinematografietara hedatu ziren. Dena den, zein izan da Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren bilakaera azken bi hamarkada hauetan? Atzera begirako honen helburua da Ameriketako zinema noir berri horren ekarpen azpimarragarrienaren baitan hainbat film esanguratsu eskaintzea, eta film horiei esker, hastapenetatik izan dituen aldaketa anitzak irudikatzea: iraganeko zinema beltzaren birsorkuntza nostalgikoak, nobela beltzaren maisuen moldaketa zinematografikoak eta berrikuspen postmodernoak; horiez gain, generoan ezagunak diren pertsonaien, hala nola, gangster eta polizien aurpegi berriak proposatzen dituzten filmak ere eskainiko dira, afroamerikarren errealitatea polizien ikuspuntutik azaltzen duten filmak,serial killerei buruzko zinea, thriller erotikoa, nekazaritza munduan girotutako filmak (country noir), baita «Amerika sakonaren» erradiografiak edo generora hurbildu diren ekoizpen independenteak ere.
Ziklo honen barnean hainbat zinemagileren film garrantzitsuak sartzen dira, hala nola, Quentin Tarantino, Michael Mann, Abel Ferrara, Coen anaiak, Clint Eastwood, Spike Lee, David Lynch, Martin Scorsese edo David Fincher zinemagileen filmak. Ziklo horretan ikusi ahal izango ditugun generoko film klasikoen artean, ondokoak daude: Reservoir Dogs(1992), Wild at Heart (Bihotz basatia, 1990) Miller's Crossing (1990; Donostia Zinemaldian Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra), Seven (1995), Fargo (1996), Collateral (2004) edo Zodiac (2007). Hala ere, ekoizpen independenteak berreskuratzeko eta kultuzko azken filmak ikusteko aukera ere izango dugu, horien artean: John Dahlen Red Rock West (1993), Scott McGehee eta David Siegelen Suture (1993), Hughes anaien Menace II Society (1993), James Grayren Little Odessa (1994) eta Paul Thomas Andersonen Hard Eight (1996).
Berrogei filmeko aukeraketari esker, ziklo honek amerikar ametsaren ikuspegi gazi-geza azaleratuko du, ongizatearen gizartearen alde iluna islatzen duen ispilua izango da. Aldi berean, genero honek ikaragarrizko bizitasuna duela nabarmendu eta mundu osoko zinemagile eta jendearen arreta bereganatzen duela frogatuko du.
Roberto Cueto eta Antonio Santamarinak koordinatutako ziklo honi buruzko liburu bat argitaratuko da.
Ziklo hau Euskadiko Filmotekarekin batera antolatu da, Valentziako Generalitateko Filmotekako laguntzarekin eta TCMren babesa izango du.
Atzera begirako tematikoa
Kontzeptu generiko bat ardatz izanik, eta izenburu alegoriko batean laburbilduta, zine-areto komertzialetan (baita espezializatuetan ere) inoiz gutxitan ematen diren pelikulak elkartzen eta eskaintzen ditu Zinemaldiak ikusleak zineaz luze goza dezan. Filosofia honen harian ezagutzera eman ziren "Argazkiko mutilak", "Ahantzitakoak"; "Behin bakarrik bizi daiteke", "100 urte zoragarri", "Abentura europarra", "Ezustekoen bazarra", "Amesgaizto gorria", "Aspaldiko partez", edo "Gosea, umorea eta fantasia" eta "Booma italiar erara" izenburuekin gerraosteko komedia italiarrari bi zatitan eskainitako sailak, "Telebistaren belaunaldia", "Atzo Gertatua", "50eko 50ak", "Bizilagun era adiskide artean", "Incorrect@s", "Errebalde era intsumisoak", "Migranteak", "Sukar izoztua", "Japonia Beltzean", "Kontrauhina: Fantziako zinema berriena" edo ".doc-Ez fikzioaren bide berriak" atzera begirakoa.
Berriak