"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Umorea gauza serioa da. Euskal zinemari, edo behintzat hemen eta hemengo aktoreekin eta euskaraz egiten den zinemari, inoiz leporatu izan zaio, arrazoi osoz, komediarako joera gehiegizkoa, hortik ateratzea zaila egingo balitzaio bezala. Beharbada telebistan eta telebistarako trebatutako aktore eta gidoilariak daudelako izango da, edo errazagoa delako gutxienezko arrakasta edukitzea. Beharbada hortik denetik pixka bat badago, baina kontua da atzera begiratzen badugu, horixe izan dela azken urteotan behin eta berriro errepikatu den eredua: komediarena. Eta beharbada halako joera egon liteke lehenago egindako beste gidoi trinko, sendo eta politikoen bidetik pixka bat aldentzeko
joera egon delako, eta irribarraren bila jo nahi izan delako. Beharbada. Baina umorea gauza serioa da, eta funtzionatu behar du.
Telmo Esnalen azken filmari Aupa Etxebeste! arrakastatsuaren ukituak antzematea ez da zaila. Familia barruko giroak eta orekak, belaunaldien arteko harremanak, gizartearen arauak betetzeko kezkak, umore beltzaren dirdirak. Lan honetan, etxea da, berriro, giro itogarriaren gune eta zentroa. Amonak aztoratuta dauka familia osoa, eta bereziki berarekin bizi den alaba eta haren senarra. Egoera ikusita, senarrak erabakitzen du ezinbestekoa
dutela zahar etxean sartzea, eta, alaba eta suhiaren laguntzaz, horretaz deus entzun nahi ez duen ama engainatzea pentsatzen dute. Baina amonak beste plan batzuk dauzka.
Egoerak korapilatzeko trebeak dira Altuna eta Esnal, film honen gidoiaren egileak, eta garbi dago biek beste urrats bat aurrera egin nahi izan dutela aurreko lanarekiko. Planteatuta dagoen korapiloak hainbat unetan funtzionatzen du, aktoreek ondo egiten dute lana, kamerak ere ondo jarraitzen die, eta istorioa erakargarria da: ehiztariak, basurdeak, amona, bideo kamera… pista asko daude lurrean, txitxirioak nola.
Umore beltzaren ukituak irribarrea sortzen du behin baino gehiagotan, baina umore beltzak, sinesgarria izateko, izu puntu bat ere sortu behar du, eta izua sor-tu behar duen uneetan filma absurdoegia suertatzen da hainbatetan, batez ere bukaera aldera. Beharbada oreka kontua da dena, beharbada absurdoa ondo legoke baldin eta film osoa absurdoaren gainean eraiki izan balitz, baina kontraste handiegia egiten dute egoera ustez normal, samur eta gogorrek, gaur egungo gizartean oso identifikagarriak direnak, eta umorezko ukitu gehiegizkoek. Filma desorekatuta suertatzen da horrela, ikusleak batzuetan ez baitaki negar egiteko unea den, barre egitekoa, edo izutzekoa.
A.B.