"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemari zerbait eskatu behar baldin bazaio, edo, hobeto esanda, zerbait exijitu behar baldin bazaio, sinesgarritasuna da. Filmak proposatzen duen istorioa ez da-dila gidoiaren isurbideetatik eror. Egoerak serioak izan behar baldin badute, ez daitezela barregarriak gerta, eta aktoreen esaldiak benetan une horretan beste norbaitek esango lituzkeen horiexek izan daitezela. Karranka ez dadila entzun. Sinesgarritasuna da hitz magikoa,filmaren barruraino era-maten eta erreka horietan bustiarazi eta melatu egiten gaituena, ikusten ari garena artifizio bat ez dela eta izen eta abizenak dituzten pertsonei gertatzen ari zaien zerbait dela transmititzeko modu bakarra delako.Zinemak sinesgarritasunik ez badu, artifizio osoa goitik behera erortzen da karta joko bat bezala, edo etsiak jotako familia bat bezala.
Asghar Farhadiren film hau zoritxarrak daukan indarraren metafora da. Nola dena aldrebestu daitekeen gertaera hutsal baten erruz. Teherango bikote batek bereizteko tramiteak hasi ditu, baina ez dakite zer egin 14 urteko alabarekin eta gizonaren aitarekin. Alabak bi gurasoekin bizitzen jarraitu nahi du eta agureak Alzheimerra dauka, eta une oro zainketa berezia behar du. Emakumeak etxetik alde egitea erabakitzen du, presio moduan, baina gertakariak bata bestearen atzetik kateatzen dira, eta azkenean familia bera arriskuan geratzen da, oinarriraino inarrosita eta astindua.
Filmaren egitura itxuraz sinplearen bidez, zuzendariak egungo Iran moderno eta hiritarraren erretratu interesgarria egin du,familiako kideen arteko harremanak informazio ugari ematen digulako egitura ekonomiko, politiko eta sozialari buruz. Baina baita gizakiek egoera muturrekoetan izaten dituzten erreakzioei buruz ere. Zintzotasunaz, gezurraz, beldurraz eta familiaz. Ohorez, eta maitasunaz. Eta erakusten du, batez ere, batzuetan txanpon baten ifrentzuan egon daitekeela dena ondo edo dena gaizki joatearen arteko aldea. Horregatik, benetan sinesgarria da Jodaeiye lan hau. Horregatik, film ederra da. Berlingo aurtengo zinema jaialdiko urrezko eta zilarrezko hartzak jaso zituen.
A.B.