"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Badira gure baitan ernatzen diren obsesioak, gure gogoa hartzen eta menderatzen eta azkenean erabat norabidetzen duten pentsamenduak edo hausnarketak. Sormena bide ona izan ohi da etengabe hazten eta gure barrenak goitik behera mugitzen dituen inurri haiei bidea erakusteko, kanporatzeko, uxatzeko, konjuratzeko. Sormena izan ohi da, batzuetan, bide bakarra. Hortik jaio dira arte lan ederrak. Bestela kezka bilakatzen dira askotan, gure arreta neurrigabe harrapatzen dutelako, gauza garrantzitsuetatik desbideratzen gaituztelako, habia egiten dutelako.
Obsesio batek gidatzen du Shame filmeko protagonistaren bizitza: sexuak. Kasu honetan ordea ez da plazera lortzeko jardun pasiozko atsegin eta libratzailea, ezpada gaixotasuna. Sexuarekin normaltasunez gozatzeko ezintasun ia patologikoa dauka Brandonek, hogeita ha-mar urte inguruko newyorktarrak. Kosta egiten zaio bere inguruko emakumeekin harreman taxuzkoa edukitzea, eta ordezkoak bilatzen ditu horregatik: prostitutak, bideo pornografikoak, egoera ezohiko eta bortitzak, autokontsolamendu konpultsiboa…
Filmak protagonistaren barne bidea kontatzen digu gordintasun osoz, zuzendariak oso ondo menperatzen duen kameraren erabilera txukunaren bidez. Beharbada irudiak gehiegizko pisua dauka, eta pertsonaiak eta istorioa pixka bat trebetasun teknikoaren argi gogorregiaren pean galtzen dira, baina ematen du Steve McQueen-en asmoa horixe izan dela hasieratik bukaerara: kamerari nagusitasun osoa ematea. Eta, kameraren objektiboaren aurretik, protagonistaren hondoratze fisiko eta psikikoa begitantzen zaigu, sexuz sexu bukaeraraino, harik eta, nola ez, bere inguruko hurbilenekin benetan topo egin eta ohartzen den arte askoz gehiago ematen diola horrexek, hurbiltasunak, plazer ero guztiek baino. Beharbada beranduegi da, baina.
A.B.