"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nola hilko garen. Heriotzari zer aurpegiarekin begiratuko diogun. Tinko eta duin eutsik diogun. Gizakiak izan ohi dituen kezka lazgarrienen aurrean jartzen gaitu Mami Sunada zuzendariak bere lehen film luze honetan, eta jartzen gaitu,gainera,galdera horiek egiteko dagoen modu zintzoenaren bidez,benetako egoera baten bidez: bere aitaren azken hilabeteak jasoz dokumental batean. Gaixotasun hilgarri eta larriaren lehen berria izan eta geroko erreakzioak, lehen itxaropenak, gaitzaren aurrerabidea, heriotzaren aukeraren beraren onarpena, azken uneak, hileta elizkizunak.
Tomoaki Sunada bizitza osoa Tokioko enpresa kimiko batean lan egin duen gizona da.“Gu gara gaur egungo Japonia altxatu genuenok” esaten dio kamerari, harro, gaitza daukala jakin arren lantokira abiatzen den azken egunotako batean.“Nire bizitza lana da”. Gaixotasuna aurrera doala eta sendabide zaila duela denek dakite, eta lehen unetik heriotza hitza natural eta artifiziorik gabe ageri da senideen arteko elkarrizketetan. “Nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena nire heriotza aurreko guztia prestatzea izango da”dio Sunada jaunak.Bitartean, azken oharrak idazteari ekin dio, testamentu antzeko bat.“Kontabilitatea ondo eramaten ez badut, nire familiaren gainean eroriko da zama hori guztia”. Kristau bihurtzea erabakitzen du, hileta gastuak arindu eta erraztearren, eta azken bidaia antolatzen du ama eta andrearekin, itsas ertzeko gune turistiko batera, hango mariskoa jatera. Itxuraz bera da, senideen artean, bidea garbi eta lasai aurreikusten duen bakarra, baina, egiazki, kezkaz jota dago.“Gai izango naiz hiltzeko? Gai izango naiz heriotza on bat izateko?” aitortzen dio alabari.
Filmak horixe du benetakoena eta zirraragarriena, japoniar xume honen bideak ez duela ezer berezia, naturala dela, heriotza bera bezainbat.Eta sufrimendua, norberarena eta ingurukoek sortzen digutena, bizipoza bezain erreala dela. “Zaila da horrela egunero bizitzea” esaten du dokumentalaren protagonistak, hil baino egun batzuk lehenago.
A.B.