"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jessica Hausner zinegileak gustu handiz hartu du bere erantzukizuna Donostiako Zinemaldian, bere lankideen lanak ikusi, aztertu eta epaitzea: “film ugari ikusi behar dut baina ez gehiegi, eta gustura egiten ari naiz. Haur txiki bat dut, hona Donostiara nirekin ekarri dudana eta, normalean etxean, zinea internetez ikusi behar izaten dut. Beraz, niretzat aukera paregabea da horrelako jaialdi batera etortzea. Zinearen munduan zer egiten ari den ikusi eta mahaikideekin eta beste zenbaitzuekin hausnarketak konpartitzeko. Horrelako lekuetan besteengandik ikasteko modua dut”.
Beste filmetatik ateratzen duzu ideiarik edo inspiraziorik?
Bai, beste filmak ikusiz nik egindako lanari buruz ere sortzen zaizkit hausnarketak, nire zinean sartzeko. Adibidez halako film batean azaltzen diren enkoadreak, kamera mugimenduak edo halako edo bestelako teknikak. Hemen argi ikusten dut film batean zerk
funtzionatzen duen eta zerk ez. Nire pelikuletan muntaia lanak neronek egiten ditut eta ikus-entzulegoan zerk sortzen duen zirrara edo interesa zuzenean jakiteak informazio asko ematen dit.
Beraz, zinea publikoarekin ikustea interesgarria da zuretzat?
Bai, batzuetan sumatzen da publikoaren erreakzio handia, baina beste zenbaitetan, filmaren arabera, ez da diferentzia handirik izaten bakarrik edo jendez inguratuta
ikusita.
Zuk egiten duzun zineak ikuspegi aurrerakoia du. Lourdes zure pelikula arrakastatsuak, adibidez, plano bereziak eta lengoaia audiobisual oso berezia zuen. Ikusten ahal duzu zuzendari gazteetan ausardiarik bide berriak jorratzeko?
Bai, hemen Zinemaldian ikusi dudana ezin dut oraindik aipatu epaia jakin arte, noski. Baina nire ustez, zinea egiten ari den jende gazte askok ausardiaz aurre egiten dio bere lanari, denbora hartzen du proiektua burutzeko. Batzuetan badirudi pelikula batean denak azkarra izan behar duela, erritmo handiko zinea egin behar dela. Baina ez, bada bere denbora hartzen duen jendea eta prest dagoena istorio bat modu lasaian kontatzeko. Gero eta jende
gehiago ikusten dut adibidez plano luzeak egiten dituena, beste erritmo batean diharduena, alegia. Nire ustez zinearen etorkizuna ausardian dago, horixe da hitza, adorea.
Zein proiektutan zabiltza orain, zein izango da zure hurrengo lana?
Bueno, nik gogoko ditut beldurrezko filmak eta baita zientzia fikzioa ere. Eta nire hurrengo lana maitasun eta suizidio baten istorioan oinarrituko da. Beldurrezkoa izan liteke, agian. Gidoia oso aurreratua dut eta orain buru-belarri sartuta nabil produkzio lanetan, diru bila, alegia. Datorren urtean hasiko dugu errodajea.
ARGI DORRONSORO