"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Hona etorri nintzenean, gehien erakarri ninduena izan zen konpartitzeko aurkitu nuen giroa, adiskidetasuna, elkarrekin egoteko gogoa” dio kibutz-eko sortzaileetako batek telebistaren pantailatik, eta Hanna Mendelssohnek burua koadernotik jaso du bere gela txikian, eta berak ere pentsatu du baietz, horixe izan zela hona etortzeko arrazoia, horregatik borrokatu zirela hainbeste. Hori duela asko izan zen, baina. Duela hainbeste, ezen berarekin batera iritsi ziren ekintzaile guztiak zahartuta daudela, asko eta asko dagoeneko hilda, eta bakar bakarrik aspaldiko dokumentaletan edo kibutz-en bertan grabatutako elkarrizketetan agertzen dira orduko gogoak eta itxaropenak kontatzen, Israelek eta Palestinak banatu nahi ez dituzten lurraldeetan amets sozialista eraiki nahi izan zutenekoa aletzen.
Hanna ere zahartuta dago. Bakarrik bizi da argia maiz galtzen duen etxe xumean, eta borrokan dago denboraren kontra, haiek landutako olibondoak orain erauztea ahalbidetzen
duen garaiaren kontra, nekazal komunatik alde egiteko erabakia hartu duen alabaren kontra, Marx eta Leninen afixak anakronikotzat jotzen dituztenen kontra. Egunero,goiz albarekin jaikitzen da zuhaitzak kimatzeko,eskolako haurren arropa lisatzeko, zahar etxekoei laguntzeko, ezkonberriei etxean egindako kauserak oparitzeko. Egunero, goiz albarekin gauera arte ahalegintzen da lehen bezala, nahiz eta inon ez duten bere lana onartzen. Joan dira garai sozialistak: lan komuna ez da lehen bezala baloratzen, dena pribatizatzen ari dira, eta Hanna zahar bat da, joandako garai baten ordezkari hutsal eta gogaikarria.
Filmaren protagonista eguneroko gero eta etsigarriago horretan bera ere etsitzen doa.Gero eta arrotzagoa zaio bere etxea izan zena; gero eta arrotzagoak auzoak; gero eta arrotzagoa auzorik gabe munduko tokirik bakartien eta etsigarrienetako bat izan daitekeen mundu hori, bera bizi den tokia. “Ematen du jendeak ahaztu egin duela egin genuena”esan dio kide bati, independentziaren gerran egindako lanaren oroigarri baten aurrean. Besteak ez dio erantzun.
A.B.