"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Europako Iparraldeko estatu aberatsen bizitza maila eta gizarteprestakuntzak mundu osoaren inbidia izan ziren Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Hango eraginkortasuna, kalitatea, oparotasuna, berdintasun borondatea... benetako Lehen Mundua han omen zegoen, eta han egon omen zen ia 90eko hamarkada arte, topikoak erortzen hasi, eta eskandinaviar herrialdeetan eta Europa erdialdeko Alemania, Austria, Suitza edo Herbehereak bezalako herrialde garatu eta bikainetan gizarte mailan dauden arrakalak kontatzen dizkiguten lekukotasun ugari ageriko egin ziren arte: alkoholarekin arazo latzak, suizidio tasa altuak, etorkinekiko erreakzio bortitzak, eskuin muturreko taldeen eta alderdien gorakada. Eta abar.
Austrian filmatutako Stilleben lan honek itxuraz oso ondo kokatuta eta txukun egituratutako
Europa erdialdeko familia baten hondamendia kontatzen du. Zuzendariak, sotiltasunez, Bernhard Ingruberrek alkoholarekin omen dituen arazoen amarrua jartzen digu hasieran, baina gero benetako arazoaren mataza askatzen hasten da,aitaren sexu joera lazgarria alegia. Filmaren misterio guztia berehala geratzen da agerian, baina garrantzitsuena horren inguruan sortzen den giroa da, giro itogarria, isiltasunez eta gaitzespenezko begiradez beteta. Adeitasunezko keinu hutsen atzean dagoen amorrua eta gorrotoa transmititzen du lanak; aspaldiko bizipenek versortutako mingostasuna; familiako inork inoiz barkatuko ez dituen besteen jarrerekiko arbuioa.
Sebastian Meise zuzendariak giro hori istorioaren menpe jartzen du, eta gertatuko denaren esperoan uzten ditu ikusleak.Horregatik, ez dago estridentziarik, ez dago deskubritzen ari garena salatuko lukeen keinurik edo esaldirik. Protagonistek ikuslearekin batera deskubritzen ari diren errealitatea gure begien aurretik igarotzen da, paisaia bat bezala. Eta paisaia tristea da, bizitasunik gabea. Euria ari du, hotza da, geltokiak ilun eta bakarrik daude, etxeetan ez dago musikarik edo kolorerik. Izadi hilean bezala, hor daude denak. Horixe baita stilleben, alemanez: natura hila.
A.B.