"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Helduen artean komikia zale gutxi batzuen artean miretsitako generoa bada,animazioko zinema ikusle gazteagoei lotuta dago gehienetan. Arrugasfilmeak bi osagai hauek elkartzen ditu, izan ere Paco Rocaren izen bereko komikia du oinarri eta Ignacio Ferreras animazio adituak zuzendu du. Gai honi buruz, Ferrerasek “ikuslego helduago batengana doan prozesu baten hasieran” gaudela uste du, “animazioa teknika bat besterik ez baita, eta beraz, edozein motatako istorioak kontatzeko erabili daiteke”.
Paco Rocak 2008ko Komiki Sari Nazionala jaso zuen “Arrugas” lanarekin. Kontakizuna “zahartzaroa ulertzeko saiakera pertsonal batetik” jaio zela dio egileak: “gurasoak nagusitu egin zaizkit eta badira hainbat galdera inoiz egin ez dizkiedanak. Zahartzen joatean zer sentitu duten, adibidez”. Galdera horri erantzuteko pertsona askorekin elkartu zen Roca bere komikia sortzeko: alzheimer gaixoen senitartekoekin, zahar etxeetan bizi diren pertsonekin, langileekin, eta abar luze bat.
Honela, Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aurkezten den filma zahartzaroa eta zahar etxe bat ditu laguntasunari eta bakardadeari buruz hitz egiteko aitzakia. Hasieratik komikiko jatorrizko istorioari “fidel”izan nahi zuela azaldu du Ferreras zuzendariak eta horregatik “zinemara moldatzeko beharrezkoak diren lengoaia aldaketak bakarrik” egin ditu. Ferreras eta Rocak elkarlanean “oso gustura”aritu direla aitortu dute,eta emaitzarekin oso pozik azaldu dira biak ala biak.
Zinemaldian lehiatuko den Emilio eta Miguelen istorioa -urte hasieratik aurrera zinemetan ikusi ahal izango da-. Emilio zaharren egoitzara iritsi berri da, alzheimerraren lehen faseak jota, eta Miguel eta beste hainbat kidek lagunduko diote egoitzaren goiko solairura -gaixo ‘etsituak’ hartzen dituen solairuraeraman ez dezaten.
Errealitate dramatikoa dago kontakizunaren oinarrian, “zahartzaroa bera eta alzheimer gaixotasuna”, dio Ferrerasek. Hunkitu egingo dira beraz Arrugas filma ikustera doazenak, baina umore kolpeei esker guztiz goibeltzeko aukerarik ez dute izango. “Gaia tragikoa da eta, era berean, alzheimer gaitza modu ‘dibertigarrian’ azaleratzen da askotan”, azaltzen du Rocak: “Asko izan dira alzheimer gaitza duten pertsonen senitartekoek kontatutako gertaerak eta gehienek ahoan irribarre maitekor bat zuten hitz egiterakoan; horiek dira zeharkatu nahi ez genituen bi mugak: tragedia negar-eragilearena eta umorezko karikaturarena. Horregatik,errealitatean gertatzen den bezalaxe, filmean ere umorea erabili dugu tristurari aurre egiteko erremedio
gisa”.
I.O.