"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Terence Davies zine-zuzendari liverpooldarrak nabarmentzeko moduko filmak egin ditu bere orain arteko ibilbidean. Hori dela eta, Zinemaldiak atzera begirako zikloa eskaini zion 2008an eta horrekin batera, bere jaioterriari buruzko Of Time and the City zoragarria proiektatu zen.
Terence Daviesek gogoz eta indarrez ekin die filmaren inguruko azalpenei: “Maitasuna itsua da, sinesbera, eta sekula imajinatu ez ditugun lekuetara garamatza. Hura lortzeko gauza zoragarriak eta baita ikaragarriak ere egiten ditugu”.
The Deep blue sea filmean Rachel Weiszek senarra uzten du gerrako pilotu batekin lotzeko, baina harekin ere arazoak berehala hasiko dira. Terrence Rattiganen antzezlan batean oinarrituta dago eta zenbait pasarteetan jatorri eszenikoa gehiegitxo antzematen zaio bertsio zinematografikoari.
Jatorrizko antzezlana zeluloide bihurtzeko,Daviesek berak ere azaltzen ez dakien moduan indartu ditu filmeko musika eta argazkia. “Antzezlana bere horretan errodatu izan banu, eginda zegoen zerbait filmatu besterik ez nukeen egingo. Nire adierazteko era ez da kontzientea, sen hutsa da. Batzuetan gauzak ondo ateratzen zaizkigu nola egin dituzun azaltzerik ez duzularik. Halere, kasu honetan, antzerki-laneko jatorrizko materialetikez dut distantzia estetiko handirik sumatzen”.
The Deep Blue Sea lanean 50eko hamarkadako giroa birsortzen da. “Ez dakit zer irudipen atera duzuen,baina ez diot filmari nostalgia kutsurik eman nahi izan, nostalgia medio gauzak arintzeko joera izaten baita. Istorioa kokatzen den unean gerra irabazi berria genuen arren, gizartea ez zegoen pozez zoratzen. Garai hartako egoera ez ezik, une horretan nola sentitzen ginen erakutsi nahi izan dut”, adierazi du Daviesek.
Filmean behin eta berriz entzuten den Samuel Barber-en musika eta honen ‘Violin concerto’ pieza bereziki, barrualdeko dekoratu ilun eta zapaltzaileei kontrajartzen zaie. “Irudiarekin kontrastean dauden elementuak erabili ditugu Rachel Weiszek haragitzen duen pertsonaiaren maite oinazea adierazteko”, argitu du Daviesek, “film hau nor bere erraietatik ikusi eta sentitu behar da”.
Iluna eta aldi berean kartsua, pertsonaiek ez dute euren ekintzen gaineko kontrolik, maitasunak eta gorrotoak gidatzen baititu. Tom Hiddlestone aktoreak esan duen bezala: “Film honetan amodioak gainerako guztia irensten du”.
Nolanahi ere,The Deep Blue Sea-k proposamen formal ezberdina eskaintzen du. Atsegin duenak, gustura dastatuko du pelikula. Bestela, Weisz eta Hiddlestonen antzezpenez eta Londres zaharraren zeharreko murgilaldiaz gozatzea besterik ez duzu.
S.B.