"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Sei hilabete daramagu elkarrekin, oraindik ez dizu ezer esan?” galdetu dio emakumeak telefonoz bestaldetik, eta orduan telebista aldera jiratu eta hor ikusi du gizona, azken sei hilabetez bera engainatzen dabilena, ekonomiari buruzko notizien berri ematen, ohera joaten denean errepikatzen dituen esaldi horiek berdinak esaten, eta barregura eman dio. Ez, ez dio ezer esan. Inoiz ez dio ezer esaten. Soilik telebista saioan errepikatzen dituen esaldi berdinak entzuten dizkio ohera joaten denean, hortzak hiru eskuila ezberdinekin garbitu ondoren.Ez,ez dio ezer esan, eta telefonoz bestaldetik hitz egiten dion amorante ezezagunari eskegi dio.
Hego Korean egindako beste film asko bezala, Lim Woo-seong zuzendariaren lehen lan honetan isiluneak eta iradokizunak dira nagusi. Ez dago gidoia harilkatzeko moduko istoriorik, ez dago elkarrizketa edo interpretazioen gora behera handirik. Dena pausatua da, zuzena eta apur bat ernegatzeko modukoa.
Bikote bat etxe berean baino zeharo bereizita bizi da hiri handi batean. Gizona itxuragatik kezkatuta bizi den telebista aurkezlea da, maniatiko handia, lanagatik eta lanerako bizi dena. Emakumea liburu ilustratzailea da, eta miresten du bere ama, orduak eta orduak ematen dituena Budak eta beste jainkojainkosen txantiloiak arreta handiz tintaz marrazten.Gizonari ez zaizkio telebistan esan behar dituen ekonomiarekin lotutako esaldiak oso ondo irteten, eta emakumeari ez dizkiote marrazkiak oso ondo ulertzen. Honek bakea aurkitzen du inguruko mendietan egiten dituen ibilaldi luzeetan, eta gizonak maitaleengan bilatzen ditu behar dituen maitasunak.
Emakumeak amorantearekin hitz egin duela eta dena dakiela jakinarazten dionean, “harena” ere esan ote dion galdetu dio gizonari.Bere gorputzarena, esan nahi baita, ezkutatzen duen lotsarena,betirako daukan zauri eta orbanarena.“Ez da zu bezalakoa” erantzuten dio gizonak,“ ez da horren axalekoa. Eta naizen bezalakoa maite nau”. Ez da egia, noski, azkenean, garen bezala benetan maite gaituztenak direlako gure ondoan jarraitzen dutenak.
A.B.