"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Badirudi Nadine Labakiren proiektua dela erakustea Libanon erlijioen arteko elkarbizitza posible dela. Posible dela musulmanek eta kristauek elkarrekin lur bera banatzea, posible dela irri eta negar bera partekatzea. Posible dela nork bere herrikoa anaia bezala kontsideratzea, begiratu gabe otoitz non egiten duen. Posible dela, zergatik ez, denek hilerri bera eta bakarra edukitzea.
Caramel bere lehen lanean bezala, Et maintenant on va où? honetan ere, egitasmo zintzo baina bukoliko samarraren protagonistak herri txiki bateko emakumeak dira, eta mezua argia da, besteak beste hasieran eta amaieran zuzendariaren beraren ahotik entzuten dugulako, offeko ahotsean: bai, gerrak banatzen gaitu, baina denok berdinak gara.
Filmaren eszenatokia bi suteren artean bizi den herri txiki bat da. Isolamenduaren metafora
gisa, herriraino iristeko amildegi gaineko lurrezko zubi batetik igaro behar da, inguruan minak dituena. Baina plazaren inguruan, parez pare daude meskita eta eliza. Bi komunitateko kideak elkarren ondoan bizi dira, emakumeek solasaldiak egiten dituzte, gizonak kartetan aritzen dira mahai beraren bueltan, haurrek joko berdinak dituzte. Baina tentsioa hor dago, ezkutuan, argira ateratzeko aitzakia bila edo. Inguruko herrietan egoera gatazkatsua da, eta istiluak piztu direla entzun dutenean, emakumeek, bi aldetakoek, erabaki dute tentsioa baretu behar dutela kosta ahala kosta. Horretarako, irratia isilarazi dute, telebista antena hondatu, eta noizean behin Vespa txiki batean ekartzen dituzten egunkariak erre dituzte.
Baina patua idatzita omen dago. Norbaitek ahuntzak meskitan sartu ditu eta dena zikindu dute,
eta musulmanek, mendekuz, elizako irudiak hautsi dituzte. Haserre eta mesprezu eta gorroto
txikien arteko goraldi honetan, soilik herriko emakumeek eta bi erlijio gizonek eusten diote sen
onari. Eta, herritik kanpoko tiroketa batean gazte bat hiltzen denean, denen artean lortzen dute
azkenean egoera bere onetik atera ez dadila eta hilerrirainoko segizioa kristauek eta musulmanek elkarrekin egin dezatela.
Eta han, hilerriaren atean, orduan zalantza: non lurperatuko dugu gure hildakoa? Eskuin aldean, edo ezker aldean? Orain, nora goaz?.
A.B.