"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Simon Arthur tipo gaztea da, tratuan hurbila, zinema-girotan horren ohikoa den handikeriarik gabekoa. Nahiz eta egun New Yorken bizi, Eskozian, bere sorterrian murgildu zen ikus-entzunezkoen eremuan. Silver Tongues bere lehen film luzea da, Slamdance jaialdian ikusleen saria oraintsu eskuratutakoa, eta aurrez filmatu zuen argudio eta izenburu bereko film laburra du oinarri.
“Film luze hau ez da nire estreinako laburraren bertsio handitu eta hobetua, hasiera hasieratik luze batean pentsatuz idatzi bainuen gidoia. Film laburra, dirua irabazi eta bertsio luzea gauzatu ahal izateko egin nuen. Hala ere, azkenean, New Yorkerantz abiatu behar izan nuen finantziazioa lortzeko”.
Hiriz hiri dabilen, eta joaten diren toki bakoitzean beste nortasun bat hartzen duen maitale bikotearen izaera aldrebes, anker eta iruzurtia ondu ahal izateko, Simonek lanbide ez oso gomendagarrietan jardun du;esaterako, putetxe bateko atezain sei hilabetez: “Lan horretarakako nire jitea pittin bat esajeratu behar izan nuen, giro horretan ahul antzean egokitzea ez baita gauza samurra. Bai prostitutek, bai bezeroek ere euren izenak asmatzen zituzten, eta horretxek eman zidan izaera aldaketa-gose izugarriak bultzatuta eta ondorioei erreparatu gabe, parean egokitzen zaizkien pertsonen bizitzekin jolasean ibiliko den bikotearen ideia”.
Arthur pozak zoratzen dago bere lana Zabaltegi-Zuzendari berriak atalerako aukeratu izanaz: “Diru-saria irabazi ala ez, Zinemaldiak nazioartean duen sona hutsagatik, beste zinemajaialdi eta merkatuetarako ateak zabalduko dizkit, eta hori izugarrizko lorbidea da lehen urratsak ematen ari den zuzendari batentzat”.
Silver Tongues ez dela batere pelikula konbentzionala aitortzen du Simon Arthurrek: “Batez ere, engainuarekin, itxurakeriarekin jokatzen duelako”. Nolanahi ere, eta ez dugu hemen zergatia argituko, “filmaren amaieran ikuslea da iruzurrak jota sentitzen dena, amua betebetean irentsi izanaz jabetzen dena”, gaixtoki adierazten du egile gazteak.
Lan honen tonuak Hanekeren Funny Games-en zantzuak dituela komentatu dio ikusle batek baino gehiagok: “Filmeko pertsonaien psikologia bihurriak badu Hanekeren lanen halako usna, baina Funny Games-ekin baino gehiago La pianiste-rekin lotuko nuke nik”.
S.B.