"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Filmeko gaiztoa Hitchcocken Psycho-ko Norman Bates (Anthony Perkins) eta Stars Wars-eko Darth Vader baino gaiztoagoa bada, oso-oso gaiztoa da. Eta The Silence of the
Lambs-eko Hannibal Lecter bi pertsonaia horien aurretik dago inoizko gaizto-maltzur-krudelen zerrenda ezagunenean, American Film Instituterenean. Ez da harrigarria. Anthony Hopkinsen espresioa, kanibalismo joera oro saihesteko jantzi dioten larruzko maskararen atzean, zinema modernoaren irudi gogoangarrienetako bat da, izuaren eta ankerkeriaren
metafora jada klasikoa. Filmak arrakasta handia izan zuen 1991ean estreinatu zenean, eta Jonathan Demm zuzendariak abilezia handia erakutsi zuen Thomas Harrisen nobela zinemarako moldatzeko. Egia da Lecterren soslai psikotikoak dohain guztiak zituela pantaila handian erakargarri izateko, baina abilezia, diogu, pertsonaian oinarritutako beste filmek ez zutelako inola ere eskuratu lehen lan honen izen eta ospea.
Lecter haurtzaro beldurgarria pasatakoa da. Gurasoak Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketa batean galdu ondoren, arreba eta biak soldadu kolaborazionisten esku erori ziren. Negu latzak eta gerraren etsipenak erotu egin zituen soldaduak, kanibalismora bultzatzeraino: neskatila garbitu eta haren gorputza zatiak jan zituzten. Hannibal Lecter AEBetara joan zen gerra amaitu ondoren, eta psikiatria ikasi zuen han. FBIrako lan egin zuen hainbat urtez, gaizkileen joera psikologikoak aztertzen, baina haurtzaroan bizitako esperientziek pertsonalitate konplexu eta bikoitza ernatu zuten, eta hainbat krimen beldurgarri leporatu zioten.Atxilotu eta Baltimorreko eroetxean giltzaperatuta dago filma hasten denean, FBIko beste agente gazte batek psikiatra eroa espetxeko hesien atzetik elkarrizketatzeko baimena eskatzen duenean.Orduan jartzen zaigu, parez pare, narrazioaren ardatza: kriminal ankerraren amarruen aurrean ondo hezitako polizia batek nola erantzuten duen; psikopata baten hausnarketa bihurri eta gaiztoek nola desoreka dezaketen ustez ondo oinarritutako gogo zintzoa. Bi pertsonaien edo, zehatzago esanda, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka psikologikoa da filma harilkatzen duen mataza. Joko horretan, Lecter doktorea ateratzen da garaile, polizia emakumearekin jolasten amaitzen baitu katua saguarekin nola.
Thomas Harrisen nobelaren egokitzapenaren arrakasta ez zaie bakarrik Hopkins eta Foster aktoreen lan bikainei egotzi behar.Makillaje eta jantzien sailak ere lan aparta egin zuen psikopataren larruzko maskararen irudiarekin, eta gidoiak pasarte gogoangarriak ditu: “Zu baino lehenago ere etorri izan dira ni elkarrizketatzera.Horietako bati gibela erauzi eta babarrunekin eta Chianti ardo on batekin dastatu nuen”.
A.B.