"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jean-Loup Felicioli eta Alan Gagnolen lehen zine lana, Katu bat Parisen (Une vie de chat) ikusteko aitzakiarekin 2.200 haur hurbildu zen atzo Donostiako Belodromora. Goizeko bederatzietatik laster umez jositako lehen autobusak iristen hasi ziren.Batzuk ere -Amara auzoko eskoletakoak- oinez. Guztiek helburu bera, pantaila erraldoian bizitza xelebrea duen katuaren pasadizoekin gozatzea.
Une vie de chat estreinako aldiz ikusi zen atzo.Datozen egunetan Belodromoan Paul Andersonen The Three Musketeers eta Eduardo Chaperoren Verbo izango dira ikusgai euskarara itzulita, euskarazko zinema ikusteko aitzakiarekin hasi baitziren emanaldi
hauek. Askoren esanetan, urte batzuk barru zinema aretoak beteko dituzten zinemazaleen
harrobia da Belodromokoa, zinea pantaila handian ikusteko aukera ez duten haur batzuei
zinearekin gozatzeko aukera ematen baitie.
Irakasleek diote ikasketetarako baliogarria dela eskolaz kanpoko ekitaldi hau. Arantzazuko
ama ikastetxeko irakasleen esanetan, adibidez, ikusitakoaren inguruan lan egingo dute eskolan, “Etorri aurretik sinopsia eta zuzendariari buruzko zerbait irakurri dugu; filmaren fitxa
teknikoa aztertu ere; gauza bakoitzak zer esan nahi duen argitu… Pelikula ikusi ondoren aukera asko dago: filmari buruz hitz egin, laburpena idatzi, nola bizi izan duten adierazi… Gainera, gurasoek eramaten ez dituztelako zinera joateko aukerarik ez duten ikasleei bestela edukiko ez luketen aukera ematen die emanaldi honek”, bertara berrehundik gora haurrekin hurbildu zen irakasleetako batek adierazi zuen.
Dezente haur gutxiago joan zen Aieteko eskolatik, eskola berria eta txikia baita Aietekoa, eta momentuz hirugarren maila arteko haurrak bakarrik ditu. Han zeuden, Belodromoan, emanaldia noiz hasiko irrikan lehen hezkuntzako 6, 7 eta 8 urteko eskolako hogei haurrak.
Beraiei zinea ez zaie arrotza, eskolan zinea lantzen baitute. Charloten hainbat pelikula, adibidez, eskola garaian ikusi dute eta lehen hezkuntzako irakasleak azaldu zuenez, “ez zuten Charlot ezagutzen, baina oso erraza eta hurbila gertatu zaie eta ikaragarri gustatu ere. San Telmo museoan erakusgai dagoen Felliniren erakusketa, umeentzat egokitutako bertsioan, ikustea aurreikusi dugu”.
Eskolara bueltatzen zirenerako lan galanta jarri zieten, pantailak zenbat neurtzen zuen asmatzea. “Pantaila erraldoiaren aurrean izango direla esan diegu –zioen irakasleak– eta pelikula ikusteaz aparte pantaila horrek, gutxi gorabehera, zenbat metro neurtzen duen kalkulatu behar dute. Filmak bi eta hiru dimentsiotan daudela azaldu diegu eta hau bi dimentsiotan denez pantailaren zabalera eta altuera kalkulatu beharko dute”. Norbaitek asmatu al du? Aieteko haurrentzako pista: 400 metro koadro ditu azalerak.
L.C.