"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hamar urte igaro dira dagoeneko Donostiako Zinemaldiak, zinema ikasle gazteen profesionalizaziorako topaleku eta euskarri izateko helburuarekin, Zinema Ikasleen Nazioarteko lehen Topaketa egin zuenetik. Hilaren 21 eta 23a bitartean izango da topaldia aurten, eta aurreko urteetan bezala, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin batera antolatu da, eta 2016 Donostia Europako kultur hiriburu egitasmoak sustatutako jardueretako bat da. Mundu osoko 56 zinema eskolak eman dute izena aurtengo topaldian parte hartzeko, eta aurkeztutako lanetatik 9 herrialdetako 13 film labur hautatu dira, zinema eskola desberdinetakoak guztiak. Zehazki, Alemania, Argentina, Kolonbia, Erresuma Batua, Espainia, Holanda, Israel, Italia eta Marokoko gazteak gerturatuko dira Donostiara.
Nazioarteko 13 zinema eskoletako ikasleek kurtsoan zehar egindako film laburrak aurkeztuko dituzte hilaren 22 eta 23an. Emanaldiak Andia kaleko Kutxa aretoan egingo dira eta kanpoko publikoari irekiak egongo dira, doan. Bertara gerturatzen denak, zinemagile gazteen lanak ikusteaz gain, film laburren zuzendarien azalpenak entzuteko aukera ere izango dute. Izan ere, publikoaz ap arte, eskoletako ordezkariak eta Zinemaldiko gonbidatuak ere bertan egongo dira.
Nicolas Provost, epaimahaiko presidentea
Ikasleek aurkezten dituzten film laburrak elkarren lehian egongo dira gainera. Eskoletako ordezkariek osatutako epaimahai berezia izango da filmak aztertu eta saritzeko arduraduna, Nicolas Provost zuzendari belgikarra buru izango duelarik.
Provost ikus-entzunezkoen alorrean dihardu eta bere lanak zinema-jaialdi prestigiotsuetan eman dituzte, baita sari ugari lortu ere. Bere lehen film luzea L’Envahisseur du izenburu eta Zinemaldiaren Zabaltegi-Perlak sailean emango dute.
Oraingoan or dea, ikaslez osatutako epaimahaia gidatzea izango da bere ardura nagusia, guztien artean Panavision sariaren irabazlea aukeratu beharko dute eta. Honetaz gain, epaimahaiak Cannes-eko hurrengo zinema jaialdiaren Short Film Corner-en parte hartzeko aukera izango duten hiru zuzendariak ere aukeratuko ditu.
Lehiaketatik kanpo, L’Atelier / Masterclass-eko (La Fémis eta Filmakademie Baden-Wüttemberg) produktore gazteek ekoitzitako bi lan eta Istanbul Express proiektuko film labur bat ikusteko aukera ere izango da.
Gainera, topaldiaren lehen egunean, ikasleek Karine Halpern, komunikazio digitaleko eta kulturaletako aholkulariak gidatuko duen “Erantsi balioa zure transmedia proiektuari” maisu-tailerrean parte hartzeko aukera izango dute.
I.O.