"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lucy Walker zinemagile britainiarrak “pozik” jaso zuen Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kide izateko gonbita. Izan ere, gainerako kideak “oso pertsona interesgarriak dira eta eztabaida aberasgarriak sortzen dira egunero”. Hala ere, beste arrazoi batek bultzatuta ere etorri da Donostiara, kaleratu duen azken lana, Countdown to Zero, dokumentala aurkeztera.Azken lan honetan, arma nuklearren gaia jorratu du londrestarrak.
Gai honen inguruan, gizartean “arriskutsua izan daitekeen okerreko segurtasun sentsazioa” dagoela ohartarazi du zinemagileak, eta ildo horretan gogorat du “bonba nuklear bakar batek hiri oso bat suntsitzeko ahalmena daukala”.
“Sobietar inperioa erori ondoren bonba atomikoa beste garai bateko sinbolo bilakatu zen eta guk, inozook, arriskua igaro zela pentsatu genuen”, salatu du txikitatik gai honek “izua” eman diola onartzen duen Walkerrek.
Gerra Hotza amaitu zenetik beldurra besterik sortzen ez zuten kontuak aditu zituen Londreseko gazteak: “Eraso nuklearrengandik babesteko pilula bat hartu behar zela, haizea kutsatuta zegoela, bizilagunak susmagarriak zirela….” Baina egoera “erabat” aldatu da bere ustetan, izan ere,“jendea erlaxatuegia dago gai honekin”.
Honi guztiari buruzko gogoeta egin du dokumentalgileak Countdown to Zero-n. Eta horretarako, mundu mailako hamaika buruzagi elkarrizketatu ditu, Jimmy Carter, Mikhail Gorbachev, Tony Blair, Frederik Willem de Klerk eta Pervez Musharraf, besteak beste. Horiez gain, arma nuklearrekin kontrabandoan aritzen direnak eta suntsipen handiko armak kontrolatzen dituztenak ere agertzen dira filmean.
“Errekorra izan da hainbeste lider elkarrizketatzea. Guztiak,gainera, oso ausartak izan dira kamera aurrean horrelako gai arriskutsuaz mintzatu direlako”, gehitu du zuzendariak.
Dokumentalaren alde
Arma nuklearren pelikulaz gain, londrestarrak beste hiru dokumental
filmatu ditu azken urteetan: Devil’s Playground (2002), Blindsight (2006) eta Waste Land
(2010).Azken honetan,Vic Muniz artistarekin Rio de Janeiron dagoen munduko zabortegi handienera egindako bidaia kontatzen du.
Eta zergatik aukeratzen duen dokumentalaren generoa? Walkerrek argi dauka: “Gai bat garrantzitsua, interesantea eta urgentea bada,aukerarik onena da”.
Waste Land pelikulak publikoaren harrera ona izan du eta orain, arma nuklearrei buruz hitz egiten duenak erantzun bera izatea espero du. Bien bitartean, zinemagileak Sail Ofizialeko azken pelikulak ikusten jarraitzen du.“Epaimahaikidea naizenez, kontu izan behar dut esaten dudanarekin, baina pare bat pelikula izugarri gustatu zaizkit”, aurreratu du.
Hala eta guztiz ere, beste zuzendari guztien lana ere onartzen du Walkerrek, bere ustetan, jende askok “pelikulak azkarregi” kritikatzen baititu. “Zinemagilea izanik badakit film bat egiteak zenbaterainoko lana eskatzen duen”, arrazoitu du.
Elene ARRAZOLA