"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zorionez horrelakorik inoiz gertatu ez bazaizu ere, umerik izan gabe ere,ez da zaila sumatzea seme edo alaba bat hiltzea bizitzak pertsona bati eman diezaiokeen kolperik
latzena dela, eta gainera edozein logikaren kontrakoa.Zinegile batzuek, Nanni Morettik esate baterako, ezin hobeki islatu dute horrelako galera batek zer suposatu dezakeen aita edo ama batentzat. Heriotza guztiak dira ankerrak, zentzugabeak hildakoa maite zutenentzat,baina nolabait ulertzen dugu gizakia hilkorra dela, denok hilko garela eta gurasoak lurperatzea bizilegea dela; ez ordea seme-alabak lehenago joatea.
John Lennon-en kantaren izena hartzen duen pelikulan koska bat gehiago estutzen da istorioa, hildako semeak ikaskide batzuk hil baititu bere buruaz beste egin aurretik. Gurasoek aurreko gauean hitz egin dute Unibertsitatean dagoen semearekin, garrantzirik
gabeko elkarrizketak izan dituzte bai aitak bai amak mutilarekin, deus susmatu gabe. Hasieratik adierazten zaigu gauzak ez doazela batere ongi gurasoen artean: gela desberdinetan lo egiten dute, eztabaida ugari izaten dituzte edozein huskeriarengatik eta
bien arteko tentsioa nabari da. Hala eta guztiz ere, artean familia bat izaten segitzen dute, eta ez hori bakarrik, inoiz zoriontsuak izan ziren hiruak, pelikularen hasierako irudietan ikus daitekeenez.
Semearekin izandako elkarrizketa telefonikoen biharamunean iritsiko da hondamendia: semea dagoen unibertsitatean ikasle batek ikaskide batzuk hil ditu. Orduan hasiko dira telefono deiak eta zalantza ilunenak azalduko dira: ez dakite beren semea hildakoen artean dagoen.Polizia beren etxean azaltzen denean jasoko dute kolpea. Beren semea hilda dago, bai, baina bera da hiltzailea ere.Orduan urte askotan eraikitako mundua behera etorriko zaie gurasoei,eta horixe da hain zuzen pelikula honek erakusten duena, guraso horien infernuratzea. Behin eta berriro galdetuko diote beren buruari zer egin duten gaizki,
zertan okertu ziren, zer nolako heziketa eman zioten semeari. Beautiful Boy ez da hortaz Estatu Batuetan nolabaiteko maiztasunaz gertatzen diren hilketa masiboei buruzko beste film bat, baizik eta guraso batzuen sufrimenduari buruzko istorio bat, maite den pertsona batek hil dezakeela ulertzeko ezintasunari buruzko pelikula,beren inguru guztiari aurre
egin beharko dieten bi pertsonari buruzko kontakizuna, eta alde horretatik Shawn Kuk zuzendutako lehendabiziko film honek ez du zerikusirik esate baterako Gus Van Santen Elephant-ekin, nahiz eta atzean dagoen gertakaria antzekoa izan.
Lehendabiziko pelikula bat izateko, harrigarria da Beautiful Boy-k duen kalitatea, eta argi dago neurri handi batean Maria Bello eta Michael Sheen aktoreen lanari zor zaiola, egiten dituzten interpretazio dramatikoak ez baitira nolanahikoak; gehiegikerietan erortzeko arrisku ugari zuen istorioak, baina bi aktore hauek modu bikainean gainditu dituzte eta ikuslea hunkitzea lortu dute.
M.B.