"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Film laburrak eta dokumentalak zuzendu ostean, Carlos César Arbeláez kolonbiarrak
bere fikziozko lehen lan luzea ekarri du Zinemaldira: Los colores de la montaña. Filmaren
muina bederatzi urte dituen Manuel da: lagunekin futbolera jolasten ari dela minaz jositako gune batera joango zaie baloia eta haren bila joatea erabakiko dute. Abianpuntu hori hartuta, Arbeláezek haurren xalotasuna eta gatazka armatu baten zantzuak uztartzen
dituen pelikula eraiki du eta, aurten,Tolosa frantziarrean ematen den Zinema Eraikitzen 17
saria eskuratu du.
Julián Giraldo ekoizlearen hitzetan, “publikoari istorio umilak gustatzen zaizkio eta film hau oso xumea da, funtsean,halako ingurune bortitz batean bizita ere haurren artean laguntasuna sortu daitekeela eta zoriontsu izan nahi dutela erakusten du”. Kolonbiako errealitatea zuzendariak ere aipatu zuen: “Euren etxeak utzi behar izan dituzten lau milioi pertsona daude herrialdean, uste dut munduan dagoen giza tragedia izugarrienetakoa dela eta pertsonen aurkako minak arazo handia direla. Nekazal-inguruneetan dagoena ikus zedila nahi nuen, jendeak Kolonbian gertatzen ari dena ulertzea. Badakit film batek ezer gutxi alda dezakeela, baina uste dut zinemak errealitate horiek hobetzeko lagungarri
izan beharko lukeela”.
Poca Luzen bila
Arbeláezek zailena haurrak bilatzea izan dela aitortu zuen, batez ere Poca Luz ume albinoa: “Bi urte eman genituen castingak egiten eta guztira 3.000 edo 4.000 haur ikusi genituen,oso zaila izan zen pertsonaia hori aurkitzea. Baina, batez ere, haur protagonistak txunditu ninduen. Zortea izan dugu, haurrak poesiaz hornitu duelako filma eta mutiko aparta delako”.
Juan Pablo Tamayo pelikularen bigarren ekoizleak gaineratu zuenez, filmatzeko guneak aurkitzea ez omen zitzaien errazagoa suertatu: “Ibilbide luzea egin genuen alderdi tekniko zein artistikotik egokiak izan zitezken lekuak aurkitzeko”, azaldu zuen, eta sustoren bat ere izan dutela kontatu zuen: “Filmaketako une batean, menditik jaisten ari ziren aktoreak benetako gerrillariak zirela pentsatu zuen ejerzitoak. Eskerrak kontua laister argitu genuen, bestela zer gertatuko litzatekeen ez dut pentsatu ere egin nahi”, aitortu zuen.
Amalur ARTOLA