"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Eraikuntzaz baino areago, suntsiduraz egiten du gogoeta Tren de sombras (1997) filmaren egileak dokumental hunkigarri honetan. Etxebizitza zaharren agoniaz ez ezik, auzotar umilen iraungitzeaz. Bartzelonako Txinatar Auzoaren obra-hondakinen artean bertako giza paisaia xumearen bizi-arnasa itzaltzen baita ezinbestean. Krepuskulu koloreko nostalgiaz. Samurtasun gazi-gozoaz.
Kamerak modu aseptikoan erretratatzen du auzoaren sarraskia; usu kutsakorra bihur litekeen monotonia hotzez. Off ahotsak ere mutu dirau. Eraispenera kondenatutako horma zikinetako pintadetan soil-soilik islatzen da espekulazioa. Desagertze bidean den hiri-paisaia horretan urte luzez bizi izan direnen samina.
Oparotasunak erbesteratutako auzotar malapartatuen bizipenak malenkoniaz irudikatu egiten ditu Jose Luis Guerinek, auzoaren beraren bihotz pitzatua biluziz. Maite duen mutilarengatik ilunabarrero gorputza saltzen duen neskaren hauskortasuna, zarama artean itxaropena bilatzen duen marinel zaharraren ameskeria nahiz patu iluneko
beste hainbat arima alderrairen xalotasun tristea ere ikuslearen sentimenduetan iltzatzen
dira.
Eraikuntzako langileak ere ez dira lekuko hutsak, inolaz. Auzoaren beraren parte dira. Suntsitzen ari diren habitat beretik erauziak izan baitira. Gordina da haien bizitza. Auzotarrena bezalaxe. Baina, hala eta guztiz ere, beti dago irribarre eta amets egiteko aukera. Justizia sozialaz zein bizitzaz umorez eta lirikotasunez mintzatzen den igeltsero poeta marokoarrak egiten duen legez. Bizitzaren te mikatza eta heriotzaren te suabearen artean beti dago-eta maitasunaren te gozoa dastatzeko astia. Arropa zabaltzera balkoira irteten den neska panpoxa goizero gorteiatzen duen langile gazteak ondo dakien bezala.
Guerinen begirada gardena den arren, ezin distantziakidea denik esan. Eraitsitako eraikinen harri higatuen arrailduretan, langile zein auzotar apalen hitz apurtuetan eta dokumentalaren espiritu etsian bertan neorrealismo hitzaren lurrina usna baitaiteke.
Izan ere, En construcción (2001) filma gizartearen beraren metafora garratza da. Pobreziarekin bukatzeko borondaterik ez duenez gero, ikusezin bilakatzen du botereak. Hortaz, hirigunea zikinkeriaz garbitu eta klase ertainaren xarmaz itxuraldatu egiten da. Legearen babesean egiten den bidegabekeria hori, hain justu, salatzen du zinemagile katalanak. Isil baino irmo. Poetikari izkin egin gabe. Bereziki, baina, dokumentalak deserrotutako galtzaile ikusezinei egiten die omen. Patu lazgarriari aurre egiteko tenorean erraustutako arima horiek erakusten duten kemenari.
Iñaki LAZKANO