"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bent Hamer zinema jaialdi handien arreta erakartzen duen zuzendari horietakoa da, Eggs lanarekin nabarmendu zenetik eta batez ere, Kitchen Stories gogoangarriarekin eta nazioarteko sona bereganatu zuen Factotum lanarekin. Bere lanek oso estilo zaindua izaten dute, Kaurismakiren antzera, baina umore pittin bat gehiagorekin.
Home for Christmas honekin ‘gabonetan etxera’ garamatza, ironiaz, hori bai. Lan hau ez da sei film laburren batura, elkar gurutzatzen diren eta elkarbizitzaz eta maitasunaz diharduten istorioak baizik.
Home for Christmas, urte hondarrean gertatzen den istorio labur sorta da, zeinean argia, Norvegian garai horretan dagoen argi eskasa, historiaren garapenaren garrantzizko elementu bilakatzen den.
Bent Hamer zuzendaria trebetasun handiz moldatzen da ez ohiko istorio-korapilo honetan, non eguberrien etorrerarekin pertsonaiak, batzuk onerako eta besteak txarrerako, eraldatu egiten direla dirudien.
Elkartu egiten diren bikoteak, hautsi egiten diren beste zenbait, etorkizun hobeago baten bila dabiltzan immigranteak, bere semealabengandik bakartutako aita edo Eguberriak gerra baten baitan bete-betean garatzen diren istorio hauekin, “eguberrietako ez ohiko ikuspuntua ematen saiatu naiz”, adierazi du zuzendariak
Hamer-ek prentsaurrekoan azaldu duenez: “Berez, historia eguberritan gertatu izana anekdota hutsa da, nahiz eta sasoi honetan norbere bizitzaren balantze moduko bat egiteko une egokia izan ohi den”.
“Pertsonaiak adin eta gizarte klase askotakoak dira; umorea eta tragedia tartekatzen dituzte, baina beti daude barkatzeko eta itxaropentsu jarduteko prest. Istorioek bizikidetzaren gaia jorratzen dute hainbat alderdietatik, eta maitasuna aztertzen dute, edozein adinetan eta egoeran daudelarik ere”, laburbildu du norvegiarrak.
Levi Henriksen idazlearen ‘Laga opari leunak zuhaitzaren azpian’ kontakizun liburuan oinarritutako istorio hauek pantailaratzerakoan, kamera pertsonaien zerbitzura jarri du zuzendariak; bereziki, filmaren sarrera eta epilogo den istorioan, mutiko bat Kosovoko gerran eguberritako arbola baten bila kalera atera eta frankotiratzaile batek bere erriflearekin destatzen duen pasarte izugarrian.
Sergio BASURCO