Musika lanengatik da batez ere ezaguna Muguruza, hala ere ikus-entzunezkoen munduarekin duen harremana ez da atzoko kontua. Musika hizpide hartuta, Gaza eta Zisjordaniako egoeraren berri ematen duen Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina dokumentala zuzendu zuen Javier Corcuerarekin batera. Horren aurretik, beste ikus-entzunezko lan ugari egin ditu: ‘Euskal Herria Jamaika Clash’ diskoa grabatzeko Jamaikan bizi izandako esperientziak bildu zituen Bassque Culture dokumentalean. Gainera Mirant al cel luzeko soinu-banda sortu du eta beste hainbat laburretarako musikak ere eginak ditu. Aurtengo Biarritzeko FIPAfestibalean epaimahaiko izan da, halaber.
Orain arabiar herrialdeetako musikari buruzko dokumental sorta prestatzen ari da Al Jazeera Documental Channel katearentzat: “Itsu sartuta nabil hamaika dokumental horiek gauzatzeko zurrunbiloan. Dagoeneko zortzi eginak ditugu, beste hiru falta zaizkigu, baina, zinemalditik deitu zidaten epaimahaikide izateko eta, aste batzutan bada ere, eginkizun hura eten behar izan dut”. “Primeran etorriko zait geldialdi hau”, gaineratzen du Muguruzak, “une honetan sekulako oparia da niretzat Zinemaldira etorri ahal izatea, eta osasungarria gainera. Zinea ikusteko benetako beharra nuen, zer joera berri dauden edo etorriko direnak ikusteko”.
Muguruzak irudia eta musika oso lotuta daudela deritzo: “Musikarik ez badarama ere irudi batek, berez, musika, erritmoa badauka. Ezin dugu ahaztu, musikaren figura bat dela isiltasuna. Pentagrametan ikur bat eta guzti daukate. Isiltasuna musikaren zati bat da ere bai, eta horrek erritmoa markatzen du… Nahiz eta dokumental sorta bat grabatzen jardun, deformazio profesionalez musikarekin lotzen dut guztia, eta irudiak musika bailira baliatzen ditut”.
Bizitza, gidoirik onena
“Nik uste dut dokumentalak ere zinema badirela -adierazi du musikari zinegile bilakatuak-; gertatzen dena da, inoiz egon daitekeen gidoirik onena bizitza bera, errealitatea, norberak bizitzen duena dela. Dokumentalari azpigenero deitzea hura gutxiestea dela iruditzen zait. Izan ere, fikziozko zineak berak elementu piloa hartzen baititu dokumentaletik; eta hartara, elkar elikatze oso interesgarria suertatzen ari dela esango nuke”.
Ferminek ez du ikus-entzunezko ikasketa akademikorik egin. “Ordea, ikasketak egin badituzu ere, iristen da momentu bat ezagutza guzti horrekin hautsi egin behar dela”,azaldu du Muguruzak. “Iaz Jim Jarmuschek esan zidan: zine ona egiteko ‘ikasitako guztia desikasi egin behar duzu’. Orain dela 25 urte egin nuen lehenengo klipa, eta orobat, sortzen genuen guztia dokumentatzen.Eta dokumentatzetik dokumentalera, hor dago nire abiapuntua. Klipak grabatu genituen gero, biretako road movieak,… Esperientzia propia izan da nire eskola, eta zentzu horretan intuizioz jokatzen dut ikusentzunezko lan bati ekiterakoan”.
Baina, batez ere, zine-kritikak irakurtzea izan da Ferminen zineeskola: “Niretzat benetako ikasbidea zine-kritikak irakurtzea izan da, hortikan ikasi dut, hori izan da nire eskola.Pelikula ikusi baino lehen edo ondoren, kritikariaren iritziekin alderatzen ditut nire irudipenak. Eta izen bat aipatzekotan, duela 22 urte ezagutzen dudan “Gara” egunkariko Mikel Intxaustirena azpimarratuko nuke. “Egin Irratian” Igo bolumena irratsaioa egiten nuenetik uste dut ez dudala galdu bere kritika bakar bat ere. Ez dut uste beste inork horrelako zerbait aitortuko dizunik, baina niretzat benetako zine-eskola Mikelen kritikak irakurtzea izan da. Bera izan da nire maisua, berak jakin gabe, eta ez diot inoiz esan gainera. Bere zine zutabeak mugarri izan dira niretzat, maiz askotan iritzian bat gentozelako. Horietako bat irakurri eta, orduan,koño, hitzen bidez azaldu du juxtujuxtu nik pentsatzen nuena”.
Lagunarteko epaimahaia
Musikariaren epaimahaiko zereginak alde batera utzita, Fermin pelikulak ikusle huts bezala ikusteko asmoz etorri da: “Zineak emozionalki harrapatzen banau, horrek esan nahi du intelektualki ere harrapatu egin nauela. Orain 19 pelikula ditugula ikusteko, nahiago dut ezer irakurri gabe, aurreiritzi edo ekipajerik gabe joatea, filmaz ezer ere jakin gabe… Nire artean esanez, ea pelikula honek bereganatzen nauen. Eta orduan entregatu egiten naiz. Sentsazio hori edukitzea gustatzen zait film bat ikustetik kalerakoan”.
Badoaz norvergiar bat, argentinar bat, katalan bat, frantsez bat eta euskaldun bat zinera eta… Txiste baten hasiera dirudien honek Kutxa-Zuzendari Berriak epaimahaikoen jatorri aniztasuna adierazten du: “Gure epaimahai buru Hans Petter Molandek hasiera- hasieratik esan zigun azken epaia lagunarteko erabaki bat izatea gustatuko litzaiokela. Eta hala gabiltza, elkarrekin goaz zinera, elkarrekin bazkaltzen dugu eta ikusitako filmez hitz-aspertuan aritzen gara zerbeza batzuk edanaz… Iritziak iritzi, lagun taldea osatu behar dugula, alegia, Hans Petterrek dioen bezala: ‘good friends or good enemies’.Bakoitzak bere ‘harria’ dauka jakina, baina umore ona badugu behintzat. Lagunarteko eztabaidak sortzen ditugu eta oso pozik nago zentzu honetan, gainera Horizontes Latinos epaimahaikoekin ere koadrilla egiten ari gara”. Azkenean, “denon aburuz pelikula hoberena iruditzen zaigunari emango diogu saria, eta batez ere, garatzeko dagoen talenturik handienari ibilbide bat egiteko aukera ematen saiatuko gara”
Fermin Muguruza ez da bereziki mitomanoa, halere,Robert de Niro eta Jessica Lange ditu antzezle kuttunenak; eta zuzendarien artean, berriz,Wim Wenders eta Jim Jarmusch: “Wenders erreferente bat izan da niretzat”, dio, eta horren lekuko dira Ferminen ‘El estado de las cosas’, ‘Paris-Texas’edo ‘Ezin ihesi Berlin’kantak. Era berean, John Sales-en Hombres armados pelikulan iradokitako ‘Gizon armatuak’ kanta gogorarazten digu Ferminek: “John Sales zuzendaria irrikitan nago, ekarri dut diskoa berari emateko. Gozamena da miresten duzun jendea ezagutu ahal izatea”.
Sergio BASURKO