"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nacho Reig zuzendariak gaztetatik miretsi izan ditu Euskal Herriko eta Estatu Batuetako kulturak “jende gogorra izateaz gain, daukaten folklorea eta lurrarekiko atxikimenduarengatik”. Duela hiru urte Gorka Bilbao adiskidearekin Nevadako Elko herrira emigratu zuten euskaldunen istorioak ezagutu zituen eta bi kulturak nola elkartu ziren ikusi ondoren, “urrea aurkitu” zuela pentsatu zuen Reigek. Abentura hori Amerikanuak dokumentalean irudikatu du Berde produkzioaken eskutik.
Proiektua gauzatzeko, taldea osatzen duten Reig, Bilbao,Zigor Etxeberria eta Lorea Uresberuetak bost aste eman zituzten Elkon, eta bertan,Alfonso Igoa,Ramón Zugazaba,Pete Paris,Juan Juaristi eta Anita Anaca ezagutu zituzten, duela 50 urte Euskal Herria utzi eta Ameriketara etorkizun oparo baten bila joandako lagunak.“Harrigarria izan zen euren ohiturak nola mantendu dituzten ikustea. Bizi osoa artzain lanetan aritu diren 70-80 urte arteko aiton amonak dira eta oraindik ere komunitatean bizi dira, euskara eta ingelesa nahastuz sortu duten hizkuntza batean komunikatuz”, jakinarazi du zuzendariak. Bitxikeria bezala, urteen poderioz asmatu dituzten hitzen berri eman du Reigek: “Kamioi gidariari, esaterako,trakerua esaten diote eta dendari berriz, storea”.
Amerikanuak dokumentala neguan grabatu zuten “mendiz inguratutako gune gogor eta elurtuan kokatzen delako Elko” eta emigratzaile horien bizitza irudikatzeko “aukera ederrena” zela pentsatu zutelako. Musika, berriz, Gernikako Audience taldeak sortu du.
Pribilegioa
Zuzendariarentzat “pribilegioa” izan da artzain erretiratu horiek elkarrizketatzea “bospasei urte barru ezinezkoa izango delako horrelako testigantzak biltzea”. “50. hamarkadan 300 immigrante euskaldun bizi ziren Elkon eta gaur egun bost bakarrik gelditzen dira. Gainera, jada ez da artzainik gelditzen, azkenekoa, Jose Mari, duela bi urte erretiratu baitzen”, argudiatu du.
Reig eta bere emaztea, Lorea Uresberueta, “harro eta gustura” daude egindako lanagatik. Horregatik,“zoratzen” etorri dira Zinemaldira. Dokumentala atzo estreinatu zen eta gaur eta bihar beste bi emankizun eskainiko dituzte.
Elene ARRAZOLA